Jon LEUNDA
Sokatira | Goma Gaineko Txapelketa

Idiazabalgo bi finalak irabazteko hautagai asko

640koan Ñapurrak taldea izan da lehen faseko onena, baina orain hori baieztatu egin beharko du.

Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketan, bi txapel banatuko dira gaur Idiazabalen, 17.00etatik aurrera jokatuko den ekinaldian. Bertan, mutilen 640 kiloko eta nesken 540 kiloko azken jardunaldiak izango dira.

Mutilek bi jardunaldiko ligaxka jokatu behar izan dute aurretik, eta hango sei onenak ibiliko dira txapelaren lehian. Orain artekoan, Ñapurrak izan da onena, eta Ezpeletakoen atzetik sailkatu dira Sokarri, Ibarra, Murueta, Abadiño eta Nabarniz. 6 Conceyos asturiarra izan da finaletik kanpo geratu den taldea.

Dena dela, orain arte egindakoak ez du ezertarako balio, izan ere txapela final honetan erabakiko da, eta irabazten duenarentzat izango da garaipena. Aurrekoa ikusita, Ñapurrak eta Sokarri izan daitezke faboritoak, baina Abadiño ere hor aritu da ezkutuan, eta ez da ahaztu behar beraiek irabazi dutela 680ko mailako txapela.

Nesketan, lau talde ari dira, eta hiru jardunaldiko ligaxka jokatu beharko dute, eta azkenekoa izango da gaur Idiazabalen. Hala ere, final kutsua izango du, azken saio honetara berdinduta iritsi baitira Ibarra eta Gaztedi. Gaur irabazten duenak eramango du txapela. Badaiotz eta Bizindar ere lehiatuko dira.

Bihar, berriz, 11.30etik aurrera hasiko da 600 kiloko txapelketa Bilboko Casilla kiroldegian. Lagun Onak, Abadiño, Murueta, Ibarra, Nabarniz, Iparralde, 6 Conceyos, Sokarri A, Sokarri B eta Txantrea neurtuko dira, bi multzotan banatuta.

Bi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta gero sei onenek jokatuko dute finala otsailaren 8an, Bilboko Casilla kiroldegian bertan. Gaur ere saioa izan da, taldeetan aldaketak derrigorrez egin beharko dituzte, baina batzuek errepikatu ere egin beharko dute, eta ikusi beharko da taldeak nola iristen diren. Lagun Onak talde arabarra izango da lehiaketa honetako berrikuntzarik nabarmenena.