IKUSMIRA
IKUSMIRA

Nafarroako Ogasun zuzendariaren dimisioa ez da normala, eta Opusen prebendak ere ez

Nafarroako Ogasun zuzendari Idoia Nievesen ustekabeko dimisioa normaltasunez jantzi nahi izan zuen UPNko Gobernuak hasiera-hasieratik, Ogasunaren berrantolaketa baten araberakoa zela esanez. Hurrengo egunean, Yolanda Barcina presidenteak sail horretan «bizi diren tentsioak» aipatu zituen, Ogasuneko langileek esandakoarekin bat ez datorrena. Izan ere, Nievesen dimisioaren atzean, Nafarroako Gobernuak esandakoak baino, beste motibo ez hain normal batzuk daude. Ez dirudi Barcinaren exekutiboak dioen bezain logikoa horrelako kargu garrantzitsu batek dimisioa emateak Hitzarmen Ekonomikoa berritzeari eta zerga-erreformari ekiteko unean. Dimisioaren kausak oso gutxi dute normaletik, Opusen Unibertsitateko langileen seme-alabek bertan ikasteko doan dituzten matrikulen ordainketa inoiz deklaratu ez izana eta legez kanpoko egoera horren ikuskapenik eza ez baita normala. 2012an aurreko urteetako ikuskapena egin zuten, baina Opus zigortzea ez da Ogasun kontseilariaren gustuko neurria. Ez da hain normala dimisio hori, ezta Opusek Nafarroako Gobernutik kasu honetan eta beste hainbatetan jasotako prebendak ere. Ohikoak badira; normalak, ez.