J.L.
PILOTA

Waltariri garaia iritsi zaio erakusteko zergatik ikusten duten txapeldun

Senpereko Gantxiki trinketean 17.00etatik aurrera jokatuko da Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako lehen finalerdia. Waltari, egungo txapelduna, eta Kurutxari lehiatuko dira.

Esan beharrik ere ez dago dirua Kubakoaren alde aterako dela. Final-laurdenetan inongo arazorik gabe hartu zuen mendean Bonebeltxe, eta saketik 21 kintze lortuta.

Amerikarraren lehen jokaldia beldurgarria da, eta Anddek seguruenik ere hori badaki. Horretarako pilota atzean jarri eta Waltariri aukerak kentzea izango da bere helburua, baina hori ere ez du batere erraza izango.

Kurutxari lehen kanporaketatik dator, eta bera da orain arte txapelketako partida guztiak jokatu dituen pilotari bakarra. Hala ere, aurrera egitea oso zaila izango du. Finalerdia izan arren, norgehiagokak ez du ikusmin handiegirik piztu, izan ere zaleek oso garbi ikusten dituzte gauzak, denak Waltari ikusten baitute nagusi. Gaur Kurutxarik irabaziko balu, ikaragarrizko ezustea izango litzateke.