Aimar ETXEBERRIA

Eskultura batek altxaldi frankistako fusilatuak gogoratuko ditu Donostian

Altxaldi frankista eta ondorengo urteetan fusilatuak izan ziren 400 donostiarrak omendu eta oroituko dituen eskultura eta bere kokalekua aurkeztu zuten atzo Donostiako Udalean. Agerraldian, besteak beste, hiriko alkate den Juan Karlos Izagirre eta Amaia Mateos eta Tomas Villanueva eskulturaren egileak izan ziren.

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen batzordea egiten ari den lana goraipatuz eman zion hasiera alkateak agerraldiari, eta berau oinarritzen den lau ardatzen berri eman zuen, memoria historikoarena tartean. Ardatz horri dagokio pasa den irailean abian jarri zuten ideia-lehiaketa eta aipatu eskultura izan da beronen irabazlea. Izagirrek adierazi zuenez, martxoa amaiera alderako prest egotea espero dute.

Goikoa jauregiaren aurrean jarriko dute eskultura, Udalak berak eta lanaren egileek hala erabakita. «Gertaerari dagokionez, leku historikoki adierazgarria da Nautikoaren ingurua; 1936ko altxaldia hasi eta lehen gatazka guneetarikoa izan zen. Horrez gain, herritar asko igarotzen den gunea da eta Bulebarraren eta Kontxako hondartzaren bidegurutze ere bada», azpimarratu zuen Izagirrek eskulturaren kokalekua justifikatzeko.

«Dual» izenarekin bataiatu dute aurrez aipatutako lehiaketan irabazle suertatu den lana. Mateos eta Villanueva -lanaren egileak- izan ziren beronen ezaugarriak aurkeztu zituztenak. Ildo horretan, «Donostiako erliebea adierazten duen eskultura» bi materialez osatuta dagoela adierazi zuten. Bata, polikarbonatoz egina dagoen zatia izango litzateke, zeinaren bidez «historia» adierazi nahi duten egileek. Beste aldea, aldiz, korten altzairuzkoa da eta «memoria» ekarri nahi du gogora.

Eskaera Arartekoari Plentzian

Plentziko Udalean EH Bilduko bozeramaile den David Crestelo Iñigo Lamarca arartekoari zuzendu zaio, Udaleko areto nagusian XIX. mendetik gaur arte herriko alkate izan diren pertsonen argazkiak daudelako, eta tartean baitira Primo de Rivero edota Francoren diktadura garaietan alkate izan zirenak ere. Ildo horretan, eskatu dio horien argazkiak bertatik kentzeko exijitu diezaiola Alkatetzari, «ez baitira herritarrek, hautatutako herri ordezkariak eta era berean, estatu-kolpe eta errepresioaren ikur dira eta».

Gauzak horrela, Fernando de Ibarra, Lopez de Doriga eta Jose Lacalle Larragari bere garaian eman zieten Urrezko Dominak ere kentzea proposatu du, Bizkaiko Foru Aldundiak 2012an ireki zuen bideari jarraipena emanaz, zeinak Francori ohorezko sari denak kendu zizkion.

Bi identifikatu Ziardamendin

1936ko altxaldi frankistaren harira, Ziardamendiko hobi batean Ahaztuen Oroimenak, Elgoibar 1936k eta Aranzadik aurkitutako lau gorputzetatik bi identifikatzea lortu du azken honek. Sabin Atutxa eta Eusebio Gaubeka dira identifikatuak, biak ere Garaizabal batailoikoak. 19 gudari dira guztira kolpisten aurkako borroketan hil zirenak eta zortzi gorpu identifikatzea lortu dute.