IKUSMIRA
IKUSMIRA

Besteen «eskubide urraketak» salatu ondoren, eskubide urraketak proposatzen dituen patronala

Gipuzkoako Aldundiak zahar etxeen lan hitzarmenaren negoziazioan esku hartzeagatik Adegik jarritako demanda atzera bota zuen EAEko Auzitegi Nagusiak herenegun, Gipuzkoako patronalak ez baitu horrelako demandarik aurkezteko «zilegitasun eraginkorrik». Aldundiaren jarrera eredugarria izan zen, negoziazioa desblokeatzeko bidea eskainita. Adegiri, ordea, esku-hartze hura «eskubide urraketa» iruditu zitzaion. Epaiketaren egunean, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok esan zuen Adegik Aldundiaren aurkako «gaixo obsesioa» duela. Eta baliteke halako zerbait izatea, erakunde publiko batek langileen eta herritar babesgabeenen alde nola jardun dezakeen ez ulertzeak eragindako obsesioaren ondorioz. Bere salaketa aurkezteko «eskubide urraketa» argudiatu zuen Adegik, lan harreman pertsonalizatuak proposatu dituen patronalak, langileak guztiz babesgabe nahi dituenak. Haren logikan normala da erakundeen laguntzaz eskubideak urratzen ohituta dagoenak interes publikoa pribatuaren gainetik lehenesten duenari erasotzea. Zentzuzkoa eta beharrezkoa da, beraz, Adegiri jarrera hori bertan bera uzteko eskatzea, tribunalek ere nabarmen utzi dutenean.