Arantxa MANTEROLA

Bozen ostean helduko dio berriro Lebranchuk erakundetzeari

Marylise Lebranchu Deszentralizaziorako ministroak udal hauteskundeak igaro ostean berriro bilkura bat egingo du euskal ordezkaritza eta hautetsiekin Ipar Euskal Herrirako erakundetzearen gaia aztertzeko.

Hala iragarri zuen atzo, Asanblea Nazionalean, Gobernuaren izenean hitza hartu zuen Sylvia Pinel Merkataritza eta Turismo ministroak. Pinelek Sylviane Alaux diputatu sozialistak pausatutako galderari erantzun zion, nahiz eta, egiaz, euskal hautetsiaren galdera Manuel Valls Barne ministroari zuzendua zen.

Ipar Euskal Herriari Lurralde Elkargo Berezia ukatzeko «arrazoi zehatza» jakin nahi zuen Alauxek, besteren artean, gehiengo handiak babesten duen eskakizuna denean, Korsikari antzeko egitura onartu zaionean eta egun bortizkeriaren aitzakia ez dagoenean.

Beste aukerak

Pinel ministroak argi utzi zuen ez dela Lurralde Elkargo Berezirik izango, baina Gobernuak «beste aukera batzuk» aztertzeko prestasuna duela baieztatu zuen. Horien artean lirateke lurralde edo metropolien poloen aukerak, justu joan den astean Kontseilu Konstituzionalak ontzat eman zituenak.

Formula horiek aipatuak izan ziren joan den udazkenean Lehen ministro Jean-Marc Ayraultek Hautetsien Kontseiluari eta Garapen Kontseiluari gutuna igorri zienean. Horren harira bi egitura horietako presidenteak -Jean Jacques Lasserre eta Jean-Baptiste Etcheto- beren aholkulariarekin Parisen izan zirenean ere azaleratu ziren. Alta, lehenik Lurralde Hitzarmen berria negoziatzeari eman zioten lehentasuna.

Atzokoan, Alaux diputatuak ez zuen ahantzi gobernuaren «jarrera inkoherente eta ulertezinak» Ipar Euskal Herrian sortu duen «egonezina» gogora ekartzea, ezta Lebranchuk lehen ere agindutako bilkurak ez zirela inoiz burutu ere. «Espero dezagun, oraingoan ez duela berriro bere hitza jango» adierazi zuen.