Aimar ETXEBERRIA

EAJ begiz jo du Bilduk, Donostiak aurrekontu berriak izan ditzan

Donostiako Udaleko oposizioko alderdiei arduraz jokatzeko eskatu die Bilduren Udal Gobernuak, azken hau 2014rako lantzen ari den aurrekontu proposamenaren aurka osoko zuzenketak iragarri dituztela-eta. EAJ begiz joa dute, eta beste instituzio batzuetan egin duten legez, koalizioak egindako proposamena ere onar dezatela eskatu zieten jeltzaleei.

Hasi berri den 2014. urterako aurrekontu berririk gabe jarraitzen du Donostiako Udalak. Bilduren Udal Gobernua saiakera horretan buru-belarri dabilen arren, oposizioko alderdien -EAJ, PSE eta PP- «blokeo» jarrerarekin topo egin du, hirurek iragarri baitute jada aurrekontu proposamenari osoko zuzenketa aurkeztuko diotela, nahiz eta, gaur-gaurkoz, halakorik egitera ez diren iritsi.

Afera honen harira, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Josu Ruiz Bilduko bozeramaileak eta Jabi Vitoria Ogasun arduradunak. Hala, eurek landu duten aurrekontu proposamena goraipatu zuten, «donostiarren beharrei erantzuten dielako». Ildo horretan, «arduraz» jokatzeko eskatu zien oposizioko alderdiei eta ziur agertu ziren hauen erabakiak «motibazio elektoralei» erantzuten diela esatean: «2015ean egingo diren udal hauteskundeei begira daude». Horregatik, «blokeo» saiakera baten aurrean daudela salatu zuten, eta euren proposamenari dagokionez, «zehazki» zer ez zaien gustatzen azaltzeko eskatu zieten.

Gauzak horrela, EAJrengana zuzendu ziren. Jeltzaleen buruzagiek azken egunetan bateko eta besteko aurrekontuak onartzeko -Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala kasu- erabili izan dituzten hitzak ekarri zituzten gogora -arduraz jokatzea eta erantzukizun politikoa, besteak beste-, eta formula horiek Donostiarako zergatik ez duten balio galdetu zieten. Hori horrela, elkarrizketarako eta negoziaziorako ateak irekitzen ahalegindu ziren, betiere arreta jeltzaleengan jarriz.

Udalbatza otsailaren 20an

2014rako aurrekontu proposamena garatzeko zailtasunak badituzte ere, Donostian abiatu zuten «aldaketak» aurrera jarraituko duela adierazi zuten koalizioko kideek. Ildo horretan, osoko zuzenketak aztertu eta gero -oraindik oposizioak ez baititu erregistratu ere egin- erabakiko dute aurrekontu proposamena erretiratu edo ez, baina, bien bitartean, negoziatzeko prest daudela berretsi zuten.

Osoko zuzenketak aurkezteko epea ostiral honetan amaitzen bada ere, otsailaren 12an egingo den Ogasun batzordeak erakuts lezake otsailaren 20an izango den osoko bilkuran -zeinean osoko zuzenketak bozkatuko diren- talde ezberdinek izango duten jarrera, baldin eta lehenago akordiorik lortzen ez badute behintzat.