GARA

Michoacaneko autodefentsa taldeak ofizialduko ditu Gobernu mexikarrak

Mexikoko Gobernuak Michoacan estatuan dauden autodefentsa taldeekin akordio bat sinatu zuen astelehenean, horien egoera erakundetu eta Poliziaren baitan aritu daitezen. Dituzten armak erabiltzen jarraitu ahal izango dute, baldin eta erregistratzen badituzte.

Michoacan estatuko autodefentsa taldeek eta Gobernu mexikarrak akordio bat lortu zuten astelehenean. Horren baitan, autodefentsak Herri Defentsarako Indarretan sartuko dira. Horretarako, kide guztien deiturekin zerrenda bat aurkeztu beharko dute eta erabiltzen dituzten armak erregistratu beharko dituzte Armadaren aurrean. Duela urtebete armak hartzea erabaki zuten, Los Caballeros Templarios droga kartelari aurre egiteko eta Estatuak mehatxuen, hilketen eta bortxaketen aurrean deus ere egiten ez zuelako. Michoacan Mexikoko estatu pobreenetakoa da eta aipaturiko kartela oso errotuta dago bertan. Narkotrafikoaren, marihuanaren eta mitxoletaren bidea izan da historikoki Michoacan.

Autodefentsek hogei bat herriren kontrola hartu zuten, tenplarioak bertatik kanporatzeko. Gobernuak Armada bidali zuen liskarrak amaiarazteko. Autodefentsei armak uzteko eskatu zien. Kamionetak, errifleak, arma automatikoak eta komunikazio tresneria dituzte.

Segurtasunerako ordezkari federal Alfredo Castillok autodefentsak «oso ausartak» izan direla nabarmendu zuen «defendatzeko armak hartu» zituztelako. «Baina are ausartagoak izan dira erakundetzeko erabakia hartuz. Segurtasunerako eta garapenerako estrategiak emaitzak emateko erabaki sendoa da», plazaratu zuen.

Segurtasun gaietan aditu eta Mexikoko Unibertsitate Autonomoko akademiko Raul Benitezen adierazpenetan, «orain, agintariek tenplarioen buruak atxilotu beharko dituzte eta taldea bera desegin». «Kolonbiaren esperientziaz ikasi du Gobernuak. Paramilitarrak bezala boteregune bat bilaka ez daitezen horiek erakundetzea erabaki du», aipatu zuen Gerardo Rodriguez Giza Segurtasuneko zuzendariak.