GARA

Usadio zahar, eromen berri, Zubietatik Iturenera eta bueltan

Astelehenean jaso zuten bisita itzuli zieten atzo iturendarrek zubietarrei. Urtero errepikatzen den ohiturak aurten ere ez du kale egin. Joaldunak izan ziren Ezkurra errekaren ondoan. Joan-etorri hori egiteaz gain, egunotan bertakoek inauteriak ospatzen dituzte.

Urtarrileko azken asteko ohiturari jarraituz, Iturenen eta Zubietan inauteria ospatu dute. Astelehenean zubietarrak Iturenera joan ziren joareak gainean zituztela, Ezkurra erreka ondoko bidea soinuz betez. Atzo, berriz, Iturengoei tokatzen zitzaien bisita egitea.

Euria ere azaldu da Nafarroako txoko honetan, baina ez zuen bertakoek zuten jai grina zapuzterik lortu.

Euskal Herriko toki askotan ikusi ohi ditugu joaldunak, urteko edozein sasoitan jai bati edo besteari «euskal kolorea» ematen. Alta, Iturenen eta Zubietan horien benetako esanahia mantendu dute.

Batetik, zenbat adituk dioenez, iristear dagoen udaberriari -urruna badirudi ere- dei egiten omen diete ibarrean barrena ibiltzen diren joaldunek. Bide batez, izpiritu gaiztoak uxatu eta lurra esnatu nahi omen da joareen soinuekin.

Hori da behintzat adituek diotena, baina Iturenen eta Zubietan egunotan inauteriak ospatzen direla ezin da ahaztu. Leitzan, Uitzin edo Sunbillan «data ofizialari» aurrea hartzen dioten moduan, Malerrekako txoko honetan ere inauteriak beste tokietan baino dezente «lehenago» ospatzen dira.

Herritar batzuk joaldun bezala arituko dira, baina beste askok beste mozorro batzuk erabiltzen dituzte. Ohiturari segituz, gizonezkoek emakumezkoen jantziak erabiltzen dute, apaiz edo gotzainen bat ere ez da urruti ibiltzen. Beste batzuek, berriz, egun hauetan hotz egiten duela esaten dutenek gezurra diotela frogatu nahian ibiltzen dira. Doazela pikutara fronteak, isobarak, eguraldiaren mapak eta iragarpenak!

Inauterietan urtean gertatu denari errepasoa ere egin ohi zaio ere eta Juan Carlos Borboikoa eta Iñaki Urdangarin ere ez ziren urrun izan. Ziur epaitegietan baino hobeto pasa zutela.