IKUSMIRA
IKUSMIRA

Ezin daiteke onartu PPren interesak eta barne arazoak Euskal Herria kaltetzeko erabiltzea

Ez dira berriak PPren barne arazoak. Ministroen Kontseiluak Abortuaren Legearen aurreproiektua onartu zuenean, nabariago egin ziren, eta Vox alderdia sortu eta zenbait kidek alderdia utzi dutenean, are ageriagoak. Borja Semper PPko Gipuzkoako presidentea kexu agertu zen atzo jasotako kritikengatik, kritika horien bidetik «PP ETAren konplize dela ere esan dezaketela» ohartarazita. Haren alderdiak berekin bat ez zetozenei esaten zien gauza bera, hain zuzen. Senperrek, halaber, esan zuen Euskal Herria orain dela bi urte baino leku askoz ere hobea dela, eta bi urte barru gaur baino askoz ere hobea izango dela. Ez du hausnartzeko abiapuntu txarra; esaterako, Euskal Herria duela bi urte baino leku askoz hobea -batzuentzat behintzat- izateko zer egin duen PPk, eta bi urte barru askoz hobea izan dadin zer egin behar duen. Alderdi horretako EAEko presidente Arantza Quirogak esan zuenez, barne arazo horiek «naturaltasun handiagoz» ikusi behar dira, eta «uneotako garai gorabeheratsuen bitxikeria» iruditzen zaizkio. Hori besterik ez bada... Nolanahi ere, guztiz onartezina da PPren interesak eta barne arazoak Euskal Herria kaltetzeko, areago kaltetzeko, motibo edo aitzakia izatea.