GARA

Berbereen eta arabiarren arteko elkarbizitza arriskuan dago Aljeriako hegoaldean

Jakintsu baten mausoleoaren suntsiketak tentsioa areagotu du Ghardaian, Aljeriako hegoaldean, eta herrialde osoan eragina izango lukeen komunitateen arteko gatazka pizteko arriskua dago. Ghardaia izen bereko probintziako hiriburua da, XI. mendean eraikia eta Aljeretik 600 kilometrora dago.

400.000 biztanletik 300.000 berbereak dira. Duela aste betzuk borrokaldi ugari gertatu dira, eta horien ondorioz, ondasunak suntsitu eta eskolak eta dendak itxi dituzte,.

«Ghardaian egonkortasuna hausten bada, eskualde osoa egoera larrian egon daiteke», Rachid Tlemçani politologoaren iritziz.

Petrolio ustiategietatik eta Saheleko herrietatik hurbil dago. Azken hilabetean hiru pertsona hil dira eta elkarbizitza arriskuan dago, mozabitak (berbereak) eta chaambak (arabiarrak) mendeetan zehar elkarrekin bizi izan badira ere.

Tlemçaniren ustez, «demokrazia parte-hartzaileak soilik urrun dezake komunitarismoaren arriskua». Baina agintariek ezin izan dute arazoa konpondu. «Betiko minduta izango naiz, hau ez da inoiz desagertuko», esan zuen Nurredin Daddi Nunu mozabitak, Ammi Moussaren mausoleoa birrindu dutelako atsekabetuta. Moussa, 1617an hila, integrazioaren ikur bihurtu da. «Berak hartu zuen nomadak (arabiarrak) hirian (mozabita) integratzeko ardura 1586an», azaldu du Mohamed Hadj Said ikerlariak.

Biztanleak biziki haserrarazi ditu haren mausoleoren suntsipenak -Unescok gizateriaren ondare izendatua- eta lurperatuta dagoen hilerriaren profanazioa. Interneteko bideoetan hainbat gazte mozabiten ondareak apurtzen agertzen dira, bertan dauden poliziak ezer egin gabe begira dauden bitartean.

Ksourrei (etxebizitza tradizionalak) sua eman diete eta herriko nagusiek matxinoen atzean hainbat polizia daudela salatu dute. «1962tik (Aljeriak independentzia lortu zuen urtea) ez diogu ezer eskatu Estatuari, orain segurtasuna baino ez diogu eskatzen», dio herri zaharreko merkatari batek. Mohamed Djelnami intelektual mozabitak uste du gaur egungo egoera independentziaz geroztik egindako politikaren ondorioa dela. Bere iritziz, chaambek boterean dagoen FLN alderdiko kideak dira eta iraultzailetzat dute beren burua, mozabitak erreakzionariotzat hartuz. Mozabitak beti izan dira autonomoak eta beren arazoak kudeatzen dituzte komunitatearen barruko elkartasunean oinarrituta.

Alabaina, komunitateen arteko integrazioa ez da garatu eta, adibidez, komunitate bakoitzak bere futbol taldeak sortzen ditu. Gainera, populazio mozabitaren osaketa aldatu egin da. Lehen iparraldera lan egitera joaten ziren gazteak, baina azken urteotan bertan geratzen dira, eta nagusiek probokazioei erantzuten ez bazieten ere, gazteek erantzuteko eskubidea dutela uste dute.

«Ez dago mozabiten eta chaamben arteko arazorik. Bakarrik kriminalak -jatorria ez du axola- eta beren ondasunak defendatzen dituzten mozabitak», dio Djelmanik. Bi aldeetako gazteek, ordea, elkar salatzen dute eta gorrotoa ageri-agerian dago. Bouhags Bouamer chaamben fundazioaren presidenteak, berriz, bere komunitateak mozabiten erasoak jasaten dituela dio, eta bertako biztanleen iritziz, «drogaren baroiek gatazka suspertzen dute».