GARA

EAEko PPk Madrilen «babes osoa» duela adierazi du Saenz de Santamariak Bilbon

Soraya Saenz de Santamaria Gobernu espainoleko presidenteordea Bilbon izan zen atzo, EAEko PPren jardunari «babes osoa» adierazteko. Azken egunotako alderdi barruko akusazioei erantzunez, Quirogaren proiektuak «ideia berberak defendatzen» segitzen duela esan zuen.

Aurreko astean Moncloara bisita egin ostean, Arantza Quiroga EAEko PPren presidenteak Madrilgo alderdiburuen oniritzia jaso zuen atzo bueltan, Bilbon. Soraya Saenz de Santamaria Gobernu espainoleko presidenteordea izan zuen ondoan Quirogak, Gregorio Ordoñez alderdikidearen omenezko ekitalditik hona izandako liskarren ostean eta hainbat alderdikidek era zalapartatsuan alderdia utzi ostean, EAEko PPk alderdiaren esentziari bizkarra eman izana leporatzen dietenei erantzuteko.

Deialdian aurretik iragarrita ez bazegoen ere, atzo «Forum Europa Tribuna Euskadi» ekitaldiko gosari informatiboan, Quirogaren aurkezpena Saenz de Santamariak egin zuen, eta mezu argi bat zabaltzeko baliatu zuen hitzordua: EAEko PPk «ideia berberak eta proiektu bera defendatzen jarraitzen du».

Mariano Rajoyren Exekutiboaren babes osoa helarazteaz gain, presidenteorde espainolak bere Gobernuak ETAren aurka izan duen jarduera «irmoa» goraipatu zuen. Bere esanetan, PPren politikari esker, indarkeria defenditzen dutenak inguratuago daude orain, eta 2012tik Estatu espainolean eta beste hainbat herrialdetan ETAko 96 kide atxilotu dituztela esan zuen, Gobernuaren «irmotasuna» agerian uzteko.

ETAri «irtenbide bakarra geratzen zaio, baldintzarik gabe eta trukean ezer jaso gabe desegitea», nabarmendu zuen Saenz de Santa Mariak, eta EAEko PPk ildo berean lan egin duela azpimarratu zuen. Gaineratu zuenez, Quiroga «aldaketaren irudia» izan zen 2009an, eta 90eko hamarkadan PPn afiliatzera bultzatu zuen askatasun eta demokraziaren defentsarako proiektu beraren lider izaten jarraitzen duela berretsi zuen.

«Bizitzaren legea»

EAEko PPren biltzarra iristear denean, Arantza Quiroga presidenteak ondoren eskainitako hitzaldian, alderdia utzi berri duten kideei buruz mintzatu zen, gertaerei garrantzia kendu nahian. «Batzuek alde egiten dute eta beste batzuek jarraitu. Batzuetan bazaude eta beste batzuetan ez, eta ez da ezer gertatzen. Bizitzaren legea da», adierazi zuen Alejo Vidal Cuadrak alderdia utzi izanak, Vox alderdiaren sorrerak, Jaime Mayor Orejak hauteskunde europarretan zerrendaburu izateari uko egin izanak eta Maria San Gilek jaurtitako kritikek sortutako giro nahasiaz.

Quirogaren ustez, ez dago kezkatzeko arrazoirik, «PPtik alde egiten duenak ez dituelako balioak eramaten, ezta proiektua barreiatu ere».

Alderdiaren printzipioak baztertu dituztela diotenei erantzunez, arlo ekonomikoan EAJrekin sinatutako hitzarmenak aipatu zituen. Argudiatu zuenez, akordioetara heltzeak «ez dakar berekin PPren printzipioak galtzea, euskal hiritar guztien interesa beste batzuen gainetik jartzea baizik».

«PP beti egon den lekuan dago eta gizarteak ezagutzen gaitu», adierazi zuen.

Quiroga llama a la unidad de PNV, PSE y PP

En su intervención en los desayunos de Forum Europa Tribuna Euskadi, Arantza Quiroga hizo un apartado mirando a la situación de puertas afuera del partido en la CAV, para hacer un llamamiento a «la unidad de PP, PNV y PSE en el final de ETA». La presidenta del PP de la CAV señaló que en el momento actual es necesario «liderazgo» por parte de «los demócratas» para exigir la «disolución total» de la organización armada «a cambio de nada».

Quiroga advirtió de que puede darse «la paradoja de que aquellos que más daño han hecho a Euskadi, a España, sean los que lideren este final, los que rentabilicen este final» y agregó que su formación no admitirá que «el relato de sufrimiento y terror sea diseñado, escrito y relatado por los asesinos y sus cómplices». El PP acepta «el cumplimiento de la ley», pero «no olvidamos», agregó.

Junto al llamamiento al PNV, al que animó a «liderar el final de ETA», criticó el proceder del Ejecutivo de Urkullu. Quiroga indicó que no quiere un lehendakari «que diga que tiene mucho más en común con Bildu que con el Partido Popular y que diga que tiene más en común con los victimarios por su sentido de pertenencia que con las víctimas». GARA