Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
Ibai ZABALA
ASEGARCEKO ATZELARIA

«Ez nengoen titular gisa jokatzeko, helburua ordezkapenen bat egitea zen»

Aurretik bi partidatan aritu den arren, biharkoa izango da Ibai Zabalak titular bezala aurtengo Binakakoan jokatuko duen estreinako partida. Iaz Aimar Olaizolarekin finalerdietara iritsi zen arren, aurten enpresak ez zuen titular gisa jokatzeko mailan ikusi eta kailuarekin izan zituen arazoak ezagututa, erabaki zuzena izan zela uste du pilotariak berak. Orain, ordea, bere momentua heldu da.

Pablo Berasaluzek atzoko aukeraketan takoak jarri ez zituen arren, jasotako kolpe baten osteko badaezpadako neurria izan zen. Bi berriztar izango dira bihar Idiazabalgo pilotalekuan, Ibai Zabalak aurten titular gisa jokatuko duen lehenean.

Nola eramaten da ordezko izatetik titular izatera pasatze hori?

Ondo. Alde batetik, pena da enpresako lagun bat kanpoan geratu delako eta ez dut uste trago erraza izango denik beretzat baina, tira, niri tokatzen zaidanagatik, pozik. Zortzi partida geratzen dira aurretik eta ea zer gertatzen den.

Hitz egin duzu Ladisekin?

Ez, egian esan, ez dut egin. Pentsatzen dut, gainera, horrelako momentuetan agian hobe dela pertsona lasai uztea. Agian, ez du nahiko inorekin hitz egin eta ni naizenez bere partez jarri dutena, uste dut hobe dela distantzia pixka bat uztea.

Zuretzat ere ez zen polita izango, iazkoaren ostean, aurten txapelketatik kanpo geratzea. Espero zenuen halakorik?

Bai, bai. Azkenaldian, jokatu ditudan bi partidengatik asko galdetu didate, ea zergatik ez dudan jokatu, eta abar, baina jakin behar da txapelketa hasi baino astebete lehenago hasi nintzela berriro jokatzen kailuarekin izandako arazoen ostean. Bi hilabete eman nituen aurretik jokatu gabe, beldur handiarekin itzuli nintzen kantxetara eta momentu horretan ni ez nengoen txapelketa jokatzeko.

Erabakia ondo hartu zenuen, hortaz...

Inoiz komentatu izan dut, askok bazutela nik jokatuko nuen esperantza, baina nik argi neukan ez nuela jokatuko. Ez jokatzea normaltzat ikusten nuen, bi hilabete geldi egonda, enpresako lagunak jokatzen ari diren bitartean, eurek baino gehiago ez dudanean demostratu, argi ikusten nuen ezin nuela titular gisa jokatu, eta helburua errekuperatu ostean ordezko bezala partidaren bat jokatzeko aukera izatea zen. Bi jokatu ditut, oso ondo irten zaizkit eta horregatik erabaki du enpresak txapelketan sartzea.

Baina, hala ere, enpresaren lehen aukera izan zara behar izan dutenean. Antza, badute zugan konfiantzarik...

Bai, bai, nik alde horretatik beti esan izan dut nigan konfiantza izan dutela. Enpresako hiru partida jokatu eta hurrengoa txapelketakoa izan zen. Alde horretatik, enpresak nigan konfiantza izan du. Jakin izan zuen ikusten orduan ez nengoela egoera onean eta ez nuela jokatu behar eta erabaki normala izan zen. Nik ere berdina egingo nukeen.

Biharko partida irabazita, gaur-gaurkoz sailkapenean hirugarren den bikotea, Berasaluze-Albisu, harrapatuko zenituzke. Oraindik aukera guztiak dituzue, ezta?

Bai, baina pentsatzen dut larunbatean, hasteko, oso partida gaitza daukagula. Pablo eta Jon Anderrek osatutakoa pertsonalki gehien gustatzen zaidan bikotea da. Hiru garaipen baino ez dituzte, baina beste bitan 21 tanto egin zituzten eta irabazteko partidak izan ziren. Zaila izango da, baina aurretik zortzi partida dauzkagu eta zortzi partidatan gauza asko gerta daitezke.

Beste berriztar bat eta beste bizkaitar bat txapelketan...

Iaz ere Pablo eta biok izan ginen txapelketan titular moduan, eta orain berriro. Andoni eta Urrutikoetxea ere hor daude. Elkarrekin entrenatzen garen lau pilotari gara, Asegarceko zortzi pilotarietatik lau bertan gaude eta, egia esan, datu polita da eta kontuan hartzekoa.

Iaz zu aritu zinen Aimarrekin, nola ikusten duzu Aretxabaleta?

Oso ondo. Askok zalantzak zituzten ea nola erantzungo zuen, baina partida denetan konplitu baino gehiago egin du. Berdin jarraitzen badu, oso kontuan hartzeko bikotea da.