Arantxa MANTEROLA

Ipar Euskal Herriko udalek euskara sustatzeko «ahalegin handiagoa» egin ahal dute

Herriko etxeek hizkuntza politika «ausartagoak» bideratu ditzaketela uste du Kontseiluak. Hirugarrenez neurtu ditu lekuko administrazioetan euskararen alde egiten diren ahaleginak. Aitzinamenduak badira ia herri guztietan, baina «ibilbide luzea» dute egiteko oraindik.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hainbat herriko-etxek euskararen alde aplikatzen duten hizkuntza politikaren hirugarren neurketa egin berri du. Paul Bilbaok eta Ione Jossiek emaitzak aurkeztu zituzten, atzo, Baionan.

Ziklo politikoaren arabera, aurten Ipar Euskal Herria soilik neurtu dute, hain justu martxoko udal-hauteskundeen aitzinetik. 2006an eta 2010en egindakoekin alderatuz, bistakoa da aurrerapauso nabarmenak izan direla. Alta, «hizkuntza politika egokia martxan jartzeko oraindik ere bide luzea» egin behar dutela irizten diote Kontseiluko kideek.

Horien esanetan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan euskarak lege gerizarik ez izatea ez da, halabeharrez, oztopo gaindiezina hizkuntzaren aldeko neurri eraginkorrak aplikatzeko. «Herriko etxe desberdinetan aplikatzen diren neurri guztiak batuz, hizkuntza politika egokia egitetik hurbil ginateke» esan zuen Riosek.

Aitzinamenduak

Aitzinamendu horien artean planifikazioak egiten hasi izana nabarmendu zuen, nahiz eta «hartutako neurriak babesteko erabakiak hartzen dituzten herriak gutxi diren oraindik». Ildo horretan EEPk Itsasu, Hazparne, Maule eta Hendaian iaz landutako «Hobekuntza dispositiboa» neurri bikaintzat jo zuten.

Donapaleun salbu, herri guztiek aurrekontuetan partida bat bideratzen dute euskararentzat. Baliabide horiek Kontseiluak gomendatzen duen %2tik urrun dauden arren, Urruña, Hendaia eta Ezpeleta %1era inguratzen dira, hala ere. Merkataritzan eta lan munduan Maulek eta Atharratzek bidean dituzten egitasmoak «eredugarriak» direla gaineratu zuten.

Ezin dute, haatik, gauza bera esan kirola eta aisiari dagokienez, «hutsune nabaria» sumatu baitute herri guztietan, batez ere helduei zuzendutako eskaintza bakar batean ere ez delako euskara aintzat hartzen.

Kontseiluak neurtutako hemeretzi herrien artean inork ez du, 10en gainean 7ko nota eskuratu. Nota hori da erabiltzen duen ebaluaketa metodoan hizkuntzaren normalizazioa bideratzeko hizkuntza politika egokia garatzen ari dela definitzen duena.

Duela lau urte bezala, Hendaia izan da nota onena (3,08) erdietsi duena. Sara eta Hazparne ditu ondotik, bakoitza 2,9 punturekin. Apalenen artean, 2010ean azkena agertu zen herri berak izan du maila kaskarrena, Angeluk, 0,3rekin. Aipatzekoa da, gainera, atzera egin duela, orduan 0,6 jaso baitzuen.