IKUSMIRA
IKUSMIRA

Bere herria grinaz ordezkatuko duen hautagaia

Hurbil dira Europako Parlamentuko hauteskundeak eta indar politikoek lehentasunezko tokia eman diete beren agendan. EH Bildu estaturik gabeko beste nazio batzuetako zenbait indarrekin koalizioa osatzeko aukera aztertzen ari da, baina dagoeneko jakinarazi du proposatu duen hautagaiaren izena, izen ezaguna, aurkezpenean luzatzerik behar ez duena. Josu Juaristi azkoitiarra eskarmentu handiko kazetaria da, besteak beste, GARAko zuzendari ohi eta gaur egun ZAZPIKAko editorea.

Euskal indar politiko baten hautagaiak herri honetako errealitatea ondo ezagutu behar du, herritarren arazoak, beharrak, nahiak, eta Juaristi, zazpi urtez lehen eginkizun horixe duen egunkariaren gidaritzan aritua, ez dago zalantzarik batere baldintza hori sobera ondo betetzen duela. Baina Europar Batasuneko Parlamenturako hautagaiak ondo ezagutu behar du, halaber, esparru horretako errealitatea, eta horri dagokionez ere ezin hautagai aproposagoa da. Izan ere, kazetari gisa egindako ibilbide luzean nazioarteko gaietan zaildua, Europa eta Europar Batasunarekin zerikusia duten gaiekiko jakin-mina grina bihurtu zitzaion. Urte askoan idatzitako artikulu eta erreportajeak ezagutza sendo horren erakusgarri dira. Grina hori bera izango du bere betebeharra, euskal koalizio subiranistaren ordezkari gisa.