GARA MADRIL

Cristina infanta otsailean epaitegira autoz sartzea baimendu du epaileak

Francisco Martinez Espinosa Palmako epaile dekanoak otsailaren 8ko agerraldira autoz joateko baimena eman dio Cristina infantari, «segurtasun neurriak» argudiatuta. Epaitegiaren atzeko atetik sartuko da.

Cristina infantari hilaren 8an Palmako epaitegira autoz joatea baimentzea erabaki zuen atzo Francisco Martinez Espinosa Palmako epaile dekanoak, horretarako «segurtasun neurri zorrotzak» argudiatuta. Hala, Via Alemania kaleko epaitegietara iristeko aldapa bere autoan jaitsiko du, ez oinez, eta atzeko atetik sartuko da. «Infanta eta Palmako dukesa den heinean, ezin ukatuzko oihartzun publikoa du. Beraz, erabat gomendagarria eta behar-beharrezkoa deritzot aldapa oinez jaitsi beharrean autoz jaistea», adierazi zuen Espinosak. Gaiak sortu duen ikusmina aintzat hartuta, prentsaurrekoa eman zuen erabaki horren arrazoiak azaltzeko. Bere hitzetan, Polizia espainolaren eskakizuna jaso ostean hartu zuen eta errege-etxearen aldetik presiorik jaso izana ukatu zuen.

Jose Castro epaileak «Noos auzian» inputatu gisa deklaratzera deitu du infanta hilaren 8an. «Aldez aurretik antolatuta eta iragarrita dagoen zerbait da eta, beraz, publikoa da. Oihartzun handia izango du hedabideetan. Leku jakin eta mugatu batean izango da agerraldia, eta irteera nahiz sarrerak ez dira egokiak. Sare sozialetan oihartzun zabala duten errege-etxearen kontrako taldeak bertan izango direla aurreikus daiteke, are gehiago egungo tentsio soziala kontuan hartuta. Horregatik guztiagatik eta infantak duen kategoriagatik hartu dut erabaki hori», azaldu zuen Martinez Espinosak.

«Dena den, berak erabakiko du autoz jaitsi ala ez. Guk ez diogu deus ere inposatzen», gaineratu zuen.

Poliziaren Goi Buruzagitzaren txostena aipu eginez, infanta «ikusgaiegi» egotea arriskutsua izan daitekeela adierazi zuen, bere aurka gauzak botatzeko edo iraintzeko arriskua dagoela-eta.

Kazetariak eta kamerek ezin izango dute agerraldia egingo den aretora sartu, larunbata izanik epaitegiak itxita dauden aitzakiarekin. Aparkalekuan hedabideentzako eremu bat ipiniko dute, infanta sartuko den atetik gertu, hain zuzen ere.

Castro instrukzio epaileak eraikinean mugikorrak, ordenagailu eramangarriak edo bestelako tresneria sartzea debekatu du. Horri buruz galdetuta, Palmako epaile dekanoak neurri horien alde egin zuen filtrazioak ekiditeko, auzia sekretupekoa baita. «Hedabideek beren lana ahalik eta ondoen egiten laguntzea izan da nire ardura, eta beste epaiketa batzuetan baino aukera gehiago eskaini ditugu kasu honetan», esan zuen.

Gobernu espainoleko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariak epaileen erabakiak errespetatzen dituztela adierazi zuen eta errugabetasun-presuntzioa errespetatzeko eskatu zuen. «Konstituzioak printzipio hori ezartzen du, eta, hortaz, herritar orok errespetatu behar du epai batek kontrakoa adierazten ez duen bitartean».

PSOEko idazkari nagusi ordeak, Elena Valencianok, bat egin zuen epailearen azalpenekin: «Infanta legearen aurrean gainerako herritarrek bezalakoa izan behar du, baina segurtasunari dagokionez ez, herritar arruntak baino arrisku handiagoak baititu».

IUko koordinatzailearen esanetan, «erabakia zein modutan hartu duten ikusita, justizia guztiontzat berdina ez dela agerian gelditu da».