KAZETA BAIONA

EhKz hedabideak egun osoko festarekin ospatu du atariaren abiatzea

2013ko urrian Baionan aurkeztu zuten EhKz gazteentzako hedabidea jada martxan da Ehkz.eu webgunean. Hori ospatzeko, Biarritzen festa handi bat egin zuten atzo eztabaida, tailer eta kontzertuekin. Proiektuaren sortzaile taldeko kide Ekhi Erremundegik azaldutakoaren arabera, «Ipar Euskal Herriko gazteek gauza anitz egiten dute politikan, arlo sozialean, kulturan, kirolean...», eta EhKz horiek hedatzeko tresna bat izango da.

Gazteak informatzeko, «aktualitatea zentzu zabalean» landuko du EhKz-k, eta webgunean atal desberdinak eskainiak izanen dira. Gaurkotasunaz gain, agenda, blogen gunea eta sortzaileentzako tokia ere izanen dira.

Webgunea elebiduna izanen da, baina helburua ez da artikuluen itzulpenak egitea, «ez du zentzurik» kudeatzailearen erranetan. «Eduki batzuk euskaraz izanen dira eta beste batzuk frantsesez», eta noizbehinka, artikuluen arabera, laburpen txikiak egingo dituzte beste hizkuntzan. Horrela euskaraz hitz egiten ez dutenek zertxobait ulertzeko parada izanen dute.

Ospakizun festari dagokionez, Ipar Euskal Herriko gazte antolakundeetako ordezkariak bazkalostean bildu ziren atzo gazteriaren erronken gaineko eztabaidarekin. Ondotik, tailerrak antolatuko ziztuzten, eta gauean, Dirty South Family eta Zea Mays igo ziren Mizanbu gaztetxeko oholtza gainera.

EHrZ musika lehiaketa

Festa aurkeztearekin batera, Euskal HerriRa Zuzenean (EHrZ) musika lehiaketaren berri ere eman zuten antolatzaileek. Helburua musika sorkuntza ez profesionala sustatzea eta kultura zapalduetako artisten topagune bilakatzea da. Parte hartzeko www.ehz-festibala.eu webgunean izena eman behar da martxoaren 15a baino lehen. Irabazleen izenak maiatzaren 1ean iragarriko dituzte.