Alvaro HILARIO BILBO
Elkarrizketa
Asel Luzarraga
Idazlea, itzultzailea eta musikaria

«Ez gara inoiz hain lotuta egon, aske izateko nahia ez da inoiz hain hilzorian egon»

Asel Luzarraga (Bilbo, 1971) idazle eta musikari gisa aski ezaguna da gure artean. Izan ere, sei dira argitaletxe ezberdinek kaleratutako bere nobelak. Oraingo honetan, baina, lerrootara beste jardun bategatik ekarri dugu: Isaac Puenteren testuak euskaratu ditu «Komunismo libertarioa» (DDT, 2013) libururako.

Ez da Asel Luzarraga idazle eta musikaria lerro hauetara ekartzen dugun aurreneko aldia, bai, ordea, itzultzaile gisa. Izan ere, Bilboko DDTk kaleratu berri duen «Komunismo libertarioa» (2013; 84 orrialde, 5 euro) liburuak Luzarragak euskaratutako Isaac Puente (1896-1936) sendagilearen hainbat testu biltzen ditu. Hauxe da 1933an gaztelaniaz argitaratutako Puenteren testu ospetsuaren euskarazko lehenengo edizioa.

Nondik sortu zen Isaac Puenteren testu hauek euskaratzeko ideia?

2011n, EHKL Euskal Herrietako Koordinakunde Libertarioa sortu genuen, Euskal Herri osoko libertarioak batu eta gure jarduerak eta ekintzak koordinatzeko gune bat sortu nahian. Gogotsu ekin genion orduan, eta lehenengo batzarretan, aurrera begira egin beharrekoen artean, anarkismoaren testu klasikoak pixkanaka euskaratu eta argitaratzeko ideia sortu zen. Uda hartan I. Kanpaldi eta Jardunaldi Libertarioak antolatu genituen Otxandion, eta bertan erabaki zen, hasteko, gurea den egile bati heltzea, XX. mende hasieran garrantzi handia izan zuen Isaac Puenteri, hain zuzen ere. Epe zehatzik jarri gabe, lantaldetxo bat eratu, eta lanari ekin genion. Zoritxarrez, EHKLren hasierako bultzada gutxika-gutxika moteltzen joan zen, eta euskaratutako testuak ordenagailu batean betiko ahaztuta geratzeko zorian egon ziren. DDTk, ordea, egindako lanaren berri zeukan eta argitaratzeko baimena eskatu zigun, eta lan oso txukuna egin du euskal irakurleei material hori helarazteko.

Zergatik uste duzu honako testu hauek «funtsezko testu libertarioak» direla?

Unean uneko egoera eta arazoetatik harago, Isaac Puentek ahalegin polita egin zuen anarkismoaren adar batek, garai haietan nagusi zen komunismo libertarioak, dauzkan oinarriak eta indar-ideiak azaldu eta anarkistek proposatzen zuten balizko gizarte egitura deskribatzeko. Hark idatzitako orrietan anarkismoaren aurka agertu ohi diren aurreiritzi nagusiak ezeztatu eta gizartea eta ekonomia buruzagirik, gobernurik eta, batez ere, Estaturik gabe antolatzeko oinarri ondo zehaztuak proposatu zituen, utopia guztietatik urrun. Hortaz, haren artikuluetan anarkismoaren oinarrietara hurbiltzeko modu oso argia eta nahiko pedagogikoa daukagu eta, gainera, egilea geurea dugu. Bestalde, Isaac Puente medikua izanik, naturismoaren aitzindarietako bat izan zen, eta horri buruzko testuak ere bildu ditugu liburutxo honetan. Gaur egun medikuntza naturala eta begetarianismoa puri-purian egonik, ez da txarra horien erroak anarkismoari oso lotuta daudela gogoratzea.

Zertan datza Puenteren ideien gaurkotasuna?

Puenteren testuetako bat irakurtzen hasi, eta kapitalismoaren krisiarekin egiten dugu topo berehala. Duela ia mende bat idatzitako testuak gure egungo egoeraz hitz egiten digula ematen du. Harrigarria da, bere garaiko langileentzat idatzi zituen hitzak guri zuzenean idatzitakoak direla ematen du. Antzeko arazoak eta gizartean antzeko ezinegona sistemaren aurka. Baina Puenteren orrietan ematen diren ideiak gure egungo gizartearentzat neurri handi batean baliagarriak izan badaitezke ere, are baliotsuagoa da, nire ustez, orduan egin ziren akatsetatik ikastea.

Alde horretatik, Puenteren testuetan baikortasun handiegia ageri da, kapitalismoa hilzorian zegoela eta azken bultzada ematea baino falta ez zelakoan. Gizaldi bat igaro da eta, ikusten dugunez, kapitalismoa ez zen hil. Egun, ordea, antzeko mezuak entzuten dira maiz: kapitalismoa berez hilko da, guk ezer egin barik ere. Uste dut ustezko aurrerabideari tinko lotuta dagoen ideia bat dela: historiak bide bat dauka, hobera egiten du beti, garai bakoitzak bere iraultza dauka zaharra hil eta askatasun handiagoetarako urratsak egiteko, eta gu kapitalismoaren azken egunetan gaude... Uste dut guztiz faltsua dela eta, duela mende bat Puente eta beste asko tronpatu ziren bezala, geu ere tronpatuko garela uste eroso horretan geratzen bagara.

Historia gizakion produktua da, jendeak hartutako -edo hartu gabeko- erabakien emaitza. Eta atzera begiratzen badugu, egiazko historiari eta ez historiografia ofizialak saldu digunari, okerrera egin du etengabe, askatasuna murriztu besterik ez da egin eta egun gizarte eredurik zapaltzaileenean bizi gara. Ez gara inoiz hain kontrolatuta egon, aske izateko nahia bera ez da inoiz hain hilzorian egon. Beraz, kapitalismoa akabatu nahi badugu, argi izan behar dugu, alde batetik, Puentek idatzi zuen legez, ezinezkoa dela hori lortzea lehenbizi Estatua bera akabatu barik eta, bestetik, geuk akabatu behar dugula, aktiboki, berez hilko delakoan zain geratu gabe.

Hitzaurrean esaten duzue «merezi duela iragana eta oraina batzea etorkizuna eraikitzeko tresnak eguneratzeko». Betiko teorialariak irakurtzeko beharra al dago? Horiek irakurri gabe, ideia ezkertiar sendoak lora daitezke?

Ez dakit beharra dagoen. Egun ditudan antzeko ideiak neuzkan 15-16 urterekin inongo teorialaririk irakurri barik, baina egun dirauten arazoez idatzi dutenak irakurtzeak oso laguntzen digu gure ideiak antolatzen, berrikusten, berresten edo egokitzen, haiek izandako akatsetatik ikasten eta asmatu zuten puntuetan haien ideiei eusten. Uste dut teoria sendorik gabe oso zaila dela etorkizuna prestatzea. Iraultza asko egon dira eta, zoritxarrez, kalterako izan dira guztiak, hain zuzen ere, herriak ez duelako izan ipar argirik. Zer eraiki nahi zuten baino argiago izan dute zer suntsitu nahi zuten, eta argi ei zuten buru `argietan' utzi dute gizartea eraikitzeko lana. Hala, sistema tiraniko batetik tiranikoago batera joan gara behin eta berriz. Irakurtzea onerako da beti -gaur egun, giro anarkistetan ere, liburu batzuk ez direla irakurri behar entzun eta zentsura basatia ikusten badugu ere, jendea gauza batzuk irakurtzeko nahikoa heldua ez balitz bezala eta pentsamenduaren polizia behar bagenu bezala-, baina lanik garrantzitsuena, irakurrita zein irakurri barik, errealitatea geure esperientzietatik aztertu eta geure ideiak sortzea da, bakarka eta, batez ere, taldean, jendearekin elkartuz, eztabaidatuz, ideiak trukatuz, egungo errealitaterako, behar ditugun praktiketarako geure teoriak sortzeko.

Posible al da ideia ezkertiarrak sustatzea irakurri gabe?

Posible da, bai, eta batzuetan oso osasungarria ere bai. Unibertsitateetan eta argitaletxeetan soldatapeko ezkertiar asko ere badaude, ezkerretik jendea sisteman ahalik eta hobetoen txertatzeko, langileak, gizonak eta emakumeak hobeto menderatzeko lan ikaragarria egiten. Ezkertiarra izatea ez da ezer onaren berme. Are gehiago, ideiarik atzerakoienetako eta zapaltzaileenetako batzuk ezkerretik etorri dira. Jakobinismoa ezkertiarra zen, izugarri misoginoa eta totalitarioa. Anarkismoak ahalegina egin du beti ezker-eskuin joko manikeo eta faltsu horretatik atera eta bere bideari jarraitzeko. Gogoratu behar dugu ezker-eskuin bereizketa hori parlamentarismotik, demokraziaren izenean saldu diguten hautazko aristokrazia motarik zapaltzaileenetik sortu zela, alegia: euren burua ezkertiartzat zutenek, euren burua eskuindartzat zutenek bezala, sistemaren defendatzaile sutsuak izan ziren, parlamentariak denak, Grezia zaharretik datorren botere borroka bati dagokion bereizketa bat da, eta demagogiarako, populismorako esparrurik egokiena. Beraz, kasu askotan ez dakit ideia ezkertiarrak, ezkertiar izate hutsagatik, sustatu behar direnik ere.

Hitzaurrean esaten duzue irakurketa kritikoa egitea irakurleari dagokiola. Zertan datza irakurketa kritikoa? Zergatik da horren beharrezkoa?

Apur bat arestian esan dudanaren ildo beretik, maiz idatzitakoa Biblia, egia, balitz legez hartzen dugu. Hala, marxista batentzat, esaterako, Marxek esandako guztia izango da egokia eta zuzena eta ezinezkoa izango da hark idatzitako ezer kritikatzea -idatzi zituen asko guztiz kontraesankorrak izan arren; Biblian jainkoari dagokionez gertatzen den bezala, bestalde-. Isaac Puentek, Bakuninek, Kropotkinek, Proudhonek, Malatestak, Tolstoik... egun balio diguten gauza asko idatzi zituzten, baina beste gauza asko haien garaiei baino ez dagozkie eta, kasu batzuetan, haien garaietan ere okerrak ziren. Beraz, irakurle bakoitzaren lana da irakurri eta, bere esperientzia eta adimena erabiliz, zer balio duen eta zer ez ebaztea.

Liburu honekin zein beste edozeinekin. Pentsamendu kritikoa hiltzen ari da, egia absolutuak saltzen dizkigute erlijio politiko berriek, eta izugarrikeria handiak ikusten dira talde batzuek inor jainko hutsezintzat hartzen dutenean. Kritikarik eza da totalitarismorako biderik azkarrena. Eta, irakurketarekin bezala, geure ideiekin ere izan behar dugu kritikoak, geu ere ez garelako hutsezinak. Oso osasungarria da sinesten dugun guztia noizean behin zalantzan jartzea.

Isaac Puente, el médico rural de Maeztu

Isaac Puente Amestoy (Las Carreras, Abanto, 1896-Pancorbo, 1936) llegó con su familia a Gasteiz en 1911, donde su padre y su tío ejercieron de farmacéuticos. Estudió el bachillerato en los jesuitas de Urduña y en Gasteiz, cursando Medicina en Compostela y Valladolid. En 1919, consigue en propiedad la plaza de médico del partido de Maeztu, con sus 20 pueblo de la comarca, donde ejerció el resto de su vida. El 12 de mayo de 1919 Isaac Puente casó con Luisa García de Andoin, con la que tuvo dos hijas, Emeria y Araceli.

Su mayor actividad política comienza en 1930, al ser nombrado diputado provincial de Araba, como representante del Colegio de Médicos.

Colaboró en prensa como divulgador de cuestiones de salud y sexualidad con el seudónimo «Un médico rural». Su panfleto más conocido e influyente fue «El comunismo libertario» (1933).

Detenido y encarcelado en tres ocasiones, fue fusilado el 1 de septiembre de 1936, probablemente en las inmediaciones de la localidad burgalesa de Pancorbo, por su condición de anarquista.

Personaje de gran influencia en círculos anarquistas y médicos, su asesinato fue condenado por múltiples personalidades de la época. Dio nombre al batallón Isaac Puente, formado en septiembre de 1936, siendo el batallón nº 3 de la Confederación Nacional del Trabajo (CNT) y nº 11 del Euzko Gudarostea. GARA