Arantxa MANTEROLA BAIONA

Seaskak ozen Parisi: «Ez dizuegu euskara itotzen eta ikastolak suntsitzen utziko»

Hotzari, haizeari eta euriari aurre eginez, 400 bat lagun bildu ziren atzo, Baionako suprefetura aitzinean, ikastolentzat lege bat aldarrikatzeko. Estatuaren «erasoa» ez dela erantzunik gabe geratuko ziurtatu zuten.

Zeruak, itsasoak eta ibaiak bezainbesteko haserrea agertu zuten, atzo, Baionako suprefetura aitzinean bildu ziren lagunek. Patrick Dallennes suprefetak Beskoitzeko Herriko Etxearen deliberoa auzitara eraman zuela jakin bezain laster Seaskak egindako deialdiari erantzunez bertaratu ziren.

Eguraldi txarra tarteko, haur gutxi ikusten zen. Gehienak guraso eta guraso ohiak ziren. Besteak beste, presente ziren Euskal Konfederazioko Mixel Oronos eta Jakes Borthairu, Jean-Battite Sallaberri Hendaiako auzapeza, Mixel Ithurbide, Filipe Aramendi eta Iker Elizalde zinegotzi abertzaleak, Jean-Claude Iriart Baiona 2014ko hautagaia, Sortuko Anita Lopepe eta Marie-Christine Aragon PSko kontseilari nagusia ere.

Errepidearen erdian ikastolentzat lege bat aldarrikatzen zuen pankarta zabaldu eta gero, hiru ordu laurdenez bidea blokeatu zuten. Jendearen artetik arrautza batzuk ere jaurti zituzten suprefeturako fatxadara.

«Gu hemen egongo gara»

Elkarretaratzearen xedeari ondo baino hobeto zihoakion Pantxoa eta Peioren «Baionako suprefeta» abesti ezagunaren doinuek Sustrai Colinaren bertsoei eman zieten bide. Prefeta eta suprefetari zuzenduz, hau nabarmendu zuen urruñarrak: «Beraiek igaroko dira, baina gu hemen egongo gara».

Segidan, Paxkal Indo Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko presidenteak hartu zuen hitza eta bertaratutakoei egindako ahaleginagatik eskerrak adierazi ostean, Estatuko ordezkariei zuzendu zitzaien. «Dallennes, Durand eta Gobernuko ordezkariek jakin bezate ez gaituztela tronpatuko. Nahiz eta Asanblea Nazionalean ele ederrak izan, Estatua 45 urtez ehundu dugun sarea desegin nahian ari baita».

Joan den astean Aurelie Filippetti Kultura arloko ministroak Biarritzen agindutakoa ere hizpide izan zuen: «Ikastolentzat irtenbide bat bilatzen ari direla ziurtatu zigun. Alta, lau egun geroago, lekuko erakundeek murgiltze sistema finantzatzea ez zuela erraztuko esan zuen prentsan».

Prefetak datozen asteetan kaleratuko duen zirkularrean jada badakitena baieztatuko duela uste dute Seaskakoek. Hortaz, «denbora galdu ordez, Hendaiako edo Beskoitzeko ikastolentzako egiazko irtenbidea» zein den esan diezaiela eskatu zuten.

Bukatzeko, «ez daitezela bide itsu batean sar» gomendatu zien Indok Estatuko ordezkariei, ikastolak defendatzeari tinko eutsiko diotela iragarriz. «Ez diegu utziko ikastolak suntsi ditzaten. Ez diegu utziko euskara ito dezaten. Aitzineko belaunaldiek egin zuten bezala, gu ere euskararendako dena emateko prest gara», gaineratu zuen.

Paueko auzitegiak Hendaiako udal-deliberoa deuseztatu du

Seaskako ordezkariek elkarretaratzean bertan ezagutzera eman zuten, atzo goizean jakin zutela azkenean Paueko Administrazio Auzitegiak Hendaiako Herriko Etxeak hartutako deliberoa ezeztatu egin duela.

Hain zuzen, erabaki horren harira hasi zen Falloux legean oinarritutako auzia. Hendaiako ikastola berriaren eraikuntza bideratzeko Udalak onartu zuen mozioa legez kanpokoa zela argudiatuta, errekurtsoa jarri zuen prefetak eta auzitegiak arrazoi eman dio.

Laurogei haur baldintza txarretan ikasten segitzera «kondenatu» izanagatik prefeta «harro» egon daitekeela esan zuen Indok, «laguntza horiek debekatuz murgiltze eredua bera desegiten» ari direla salatu aitzin. A.M.