GARA BILBO

Abortuaren erreformaren kontra agertu dira Hego Euskal Herriko psikiatrak

Euskadiko eta Nafarroako Psikiatren Elkarteak salatu duenez, abortuaren aurreproiektuak ez dagokien leku batean kokatzen ditu psikiatrak. «Emakumeak hartzen dituen erabakiak ez dira psikiatren arazo».

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako psikiatrek abortuaren legearen aurreproiektuak ez dagokien leku batean kokatzen dituela salatu zuten atzo. Euskadiko eta Nafarroako Psikiatren Elkarteak azaldu zuenez, emakume bati haurra edukitzeak arazo psikologikoak sortzen dizkion ala ez erabakitzea ez da psikiatren lana.

Sofia Alvarez de Eulatek, aipatutako elkartearen bozeramaileak, ohar batean ohartarazten duen bezala, «haurdun dagoen emakumeak hartzen dituen erabakiak ez dira psikiatren arazoa». Gaineratzen duenez, «psikiatrek ez dakigu zer-nolako arazoak sortu ahal dituen haurra edukitzeak. Gaixotasun mentala garatu arte ezinezkoa baita zehaztasunez jakitea».

Halaber, Hego Euskal Herriko psikiatrek legea onartuz gero eduki beharko duten rola larritasunez ikusten dutela azpimarratzen du Alvarez de Eulatek. «Psikiatrek aholkuak eman ahal dituzte estresa sortzen duten egoerei aurre egiteko, eta halako gaixotasunak ere tratatu ahal dituzte arazoak agertzen direnean. Baina pazientearen eskuetan bakarrik ez dagoen erabakian lehenengo mailako papera edukitzea ezberdina da», esan zuen.

Izan ere, Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardonek duela bi hilabete iragarri zuen haurdun dauden emakumeek txosten bat beharko dutela, «haurdunaren gatazka bermeekin egiaztatzeko». Ministroak zehaztu zuenez, idatziak frogatu beharko du andrearen osasunerako kaltea «konponezina ez, baina bai larria eta luzarorakoa» dela. «Emakumearen osasunerako arriskua eragiten duen patologian espezializatutako» bi medikuk sinatu beharko dute txostena, eta ezin dira abortua egingo duen klinikako langile izan.

Gallardonen iritzia

Haurdun dagoen emakumeak kalte psikologikoak frogatzen baditu Madrilgo Gobernuak bere abortatzeko eskubidea errespetatuko duela errepikatu zuen atzo Gallardonek. «Legegileak min psikologiko hori frogatu behar dela dio», azaldu zuen ministro espainiarrak, eta emakumeen erabakitzeko eskubidea ez dela «absolutua» ohartarazi zuen. «Umekiak defendatuko ditugu», nabarmendu zuen.

Horren harira, kalte psikologikoa abortua bermatzeko ate bat dela salatu zuen atzo Bizitzeko Eskubidearen aldeko elkartearen bozeramaile Gador Joyak. Abortuaren kontra dagoen elkarteko ordezkariaren ustez, Madrilgo Gobernuak «aztarnak utzi ditu gaixorik dauden umekiak baztertzeko» nondik jo jakiteko.