Aimar ETXEBERRIA DONOSTIA

Donostiako Udala, kaltetuei laguntzeko elkarlanean

Pasa den asteburuan euskal kostaldea kolpatu duen denboralearen biharamunarekin esnatu zen atzo Donostia, normaltasunera bueltatu asmoz. Udal zerbitzuek hiria bere onera itzul dadin lanean jarraitzen bazuten ere, hiriko hainbat gunetan nabaria zen bezperan ezohiko fenomeno bat gertatu zela. Abuztuaren 31 kalera sartu besterik ez zen horretaz jabetzeko; hondarra lurrean, taberna, saltoki eta elkarteak itxita eta berauek garbitzeko lanetan hiritarrak.

Hala, bilkura ireki batekin hasi zituzten lanak Donostiako Udalean. Hain zuzen, kaltetuei zuzendua izan zen bilkura, laguntza eta aholkuak emateko batik bat. Dozenaka bizilagun elkartu ziren udaletxeko batzar aretoan, ordezkari politikoen eta teknikarien azalpenak entzun asmoz. Asteburuan jazotakoaren azalpenak emanez hasi zuen bilkura Juan Karlos Izagirre hiriko alkateak, eta garrantzitsuena norbanakoek pairatutako kalteak konpontzea dela nabarmendu zuen. Galderen txandari hasiera eman aurretik -bilkuraren zati handiena kaltetuen galderak erantzuten eman zuten-, Fernando Larrañagak, Aseguruen Konpentsazio Kontsortzioaren izenean, hainbat azalpen eman zituen, kaltetuek egin beharreko lehenengo urratsetan oinarrituta.

Argitu zuten bi urrats egin beharko lituzketela kaltetuek lehenbailehen: Aseguruen Konpentsazio Kontsortzioari eta Donostiako Udaleko Harreman Publikoen Sailari partea eman. Horren harira, eta kaltetuen kezka handienari erreparatuz, norberak pairatutako kalte materialak erregistratuta uzteak hartu zuen garrantzia gehien bilkuran. Horixe zen kezka nagusia; norberak ateratako argazkiek balio al duten kalteak pairatu dituztela demostratzeko, perituak pasa aurretik bere lokala garbitu izanak zer ondorio izan ditzakeen.

Kaltetuenak, zubiak

Bilkura irekiaren ostean prentsaurrekoa eskaini zuten Izagirrek eta Galparsorok. Azken honek adierazi zuenaren arabera, zubiak izan dira denboralearen ondorioz kalte material gehien pairatu dutenak. Atzo arratsaldeko datuen arabera, Agirre Lehendakaria -bosgarrena- eta Maria Cristina -hirugarrena- zubiak itxita zeuden -biek ala biek ere kalte estrukturalak izan baitituzte-, azken hau atzo bertan irekitzeko asmoa bazuen ere Udalak.

Bestalde, kalte ekonomikoez hitz egiteko egun batzuk beharko direla nabarmendu zuen Galparsorok, eta ildo horretan, errefusatu egin zuen Izagirrek hiria hondamen-eremu izendatzeko eskaera egitea. Horren aurrean, kalte guztiei Aseguruen Konpentsazio Kontsortzioak erantzungo diela azaldu zuen, eta, honen eskumenetatik at dauden kasuetan, instituzio ezberdinek -Gipuzkoako Aldundia eta Lakuako Gobernua kasu- erantzun beharko dutela gaineratu zuen. Gauzak horrela, hiria bere onera itzultzeko lanean ari direla adierazi zuten, hondartzak, gune urbanoak, itsas pasealekua edota beste hainbat zona garbituz.

Hala ere, kezkati dira Donostian, olatuek gero eta sarriago jotzen baitute hiriaren aurka. Ildo horretan, Ingurumen Ministerioko Kosten Mugapeko arloarekin hainbat bilkura egin dituztela azaldu zuten, hiriaren segurtasun neurriak hobetze aldera.

Zarautz, Orio, Pasaia...

Finean, Gipuzkoako kostalde guztiaren aurka jo zuen denboraleak. Hala, herrialdeko beste hainbat herri ere kaltetuak suertatu ziren, Zarautz kasu. Iñigo Urkullu lehendakariaren bisita jaso zuen kostaldeko herriak garbiketa lanei ekin zien atzo eta gaur egingo du lehenengo balorazio publikoa Udalak. Era berean, kaltetuentzako bulego bat jarri dute abian.

Orion ere izan dute olatuen berririk. Hondartza izan da lekurik kaltetuena, barruko barra, zehatzago izateko, honen 40 metro inguru itsasoak eraman baititu. Hala ere, erdiko txosnan, surf taldearen lokalean, malekoian eta dunetan ere kalte handiak izan dituzte.

Indar gutxiagorekin jo zuten olatuek, aldiz, Pasaian. San Pedron eta Donibanen izan dira kalte handienak, etxabe, taberna, jatetxe eta bestelako establezimenduetan ura sartuta.