Arantxa MANTEROLA

Euroituna berresteko testuak ekar dezakeen «atzerapenaz» kezka azaldu du EH Baik

«Sendabidea gaitza baino okerrago izan daiteke». Hitzokin, EH Baik bere kezka agertu du Hizkuntza Gutxituen Euroitunaren berrespena bideratzeko Asanblea Nazional frantsesak onartu duen legearen testuari buruz.

Aipatu ituna berrestea, berez, «urrats baikorra» izan daitekeela uste badu ere, beldur da lege-proposamenaren edukiak «erabat indargabetuko» duela.

Koalizio abertzalearen aburuz, Konstituzioaren 2. artikulua plantan eman zenean, frantsesa babesteko «nola erabilia» izan den ikusita, hizkuntza gutxituen «ezagupena eta horien aldeko legediari atea ireki ordez, morroilo berri bat sor daiteke».

Izan ere, «aitzina pauso erabakigarria baino operazio politiko baten kutsua» hartzen dio lege-ekimenari. «Ondorioak zernahi izanik ere, Hollanderen hauteskunde programan hitz emandako zerbait betearazteko» eginda dagoela uste du.

Sozialistak erantzule

Horrenbestez, «erator daitekeen kolpe txar» horren «erantzule zuzenak diputatu eta gobernu sozialistak» izango direla ziurtatu du EH Baik.

Aldi berean, «euskaldunek gure hizkuntza legez babestua izateko eskubide osoa dugu», gogorarazi du. «Ipar Euskal Herrian frantsesak duen estatus bera zor zaio euskarari. Bi mendeetako mespretxu eta bazterketaren ondoren, hizkuntza politika ausartaren premia du», nabarmendu du Sortu, AB eta EAk osatzen duten koalizioak.