GARA BANGKOK

Hauteskundeak baztertu, eta estatu-kolpe judiziala nahi du Thailandiako oposizioak

Igandeko hauteskundeak alde batera utzi ondoren, Yinglick Shinawatraren gobernua boteretik kentzeko bidea epaitegietan bilatuko du Thailandiako oposizioak, aurretik izan diren estatu-kolpeetan bezala.

Bozen biharamunean, Thailandiako oposizioak eta manifestariek egungo gobernua boteretik kentzeko modua bilatzen dute, estatu-kolpea barne. Hauteskundeek ez dutela ezer aldatu eta Yingluck Shinawatra lehen ministroa kanporatzeko asmoari eusten diotela erakutsi nahi izan zuten manifestariek, Suthep Thaugsubanek gidatuta. Bere neba Thaksinek -erbestean- nahierara darabilen txotxongiloa izatea eta ustelkeria sistemak bere horretan jarraitzea egozten diote lehen ministroari.

Oposizioak hauteskundeak ezeztatu behar direla dio, Konstituzioak egun bakar batean egiteko agintzen duelako. Ezinezkoa izan zen hori, manifestariek boto-txartelak banatzea eragotzi zutelako eta 10.000 hauteskunde bulego itxiarazi zituztelako (guztien %10).

Bangkokeko eliteak, erregearen aldekoek eta hegoaldeko biztanleek osatzen dute oposizioko aliantza heterogeneo hori.

Abhisit Vejjajiva Alderdi Demokratikoaren buruak, boikota eskatzen zuenak, hauteskundeak legez kontrakoak direla adierazi zuen, «ez dutelako Konstituzioaren eta herriaren asmoa islatzen», eta helegitea jarriko dutela iragarri zuen.

Oposizioaren helburua da epaileek hauteskundeak ezeztatzea; eta bestela, estatu-kolpea, 2006an eta 2008an gertatu bezala. Izan ere, Thaksinen aldekoek hauteskunde guztiak irabazi dituzte 2001etik, eta estatu-kolpearekin erantzun die oposizioak. Adituen arabera, oraingoan ere ziklo hori errepikatzea nahi dute manifestariek.

Hauteskunde Batzordeak jakinarazi zuenez, parte-hartzea %48,84ra iritsi zen, betiere botoa emateko aukera izan zen barrutietan. «Jendea beldur zen, eta jendea beldur denean, ez da joaten botoa ematera», azaldu zuen Janjia Smbatpoonsiri Thammasat Unibertsitateko politologoak.

Puea Tahir -boterean dagoen alderdia eta irabazteko aukera gehien duena- pozik agertu zen Thailandiako herri askotan hauteskundeak egitea lortu zelako hiru hilabeteko krisi politikoaren ondoren. «Horrek erakusten du populazioren erdiak demokrazia nahi duela eta gehiengoak osatutako Parlamentua nahi duela», adierazi zuen Prompong Nopparit bozeramaileak.

Chalerm Yubamrung Lan ministroak, harago joz, garaipena iragarri zuen, «265 eta 289 aulki» bitartean lortuko dutelakoan. Aurreko bozetan, 2011n, Puea Thai alderdiak Parlamentuko gehiengo absolutua ere izan zuen, 500 ordezkari lortuta.

Ziurgabetasuna

Baina oraindik ziurgabetasuna da nagusi, batez ere igandean botoa eman ezin izan zutenentzako beste jardunaldi bat antolatu beharko ote den.

Izan ere, aurreko asteko hauteskunde jardunaldi aurreratuan botoa eman ezin izan zutenentzako beste bozketa bat iragarri dute jada: otsailak 23. Emaitzak argitzeko hilabeteak beharko dira, eta Parlamentua ezin izango da bildu diputatu gehienen faltan. Bitartean, Gobernuak eguneroko erabakiak baino ezin izango du hartu.

Egoera horretan Yingluck Shinawatra ahulago geratuko da, Thitinan Pongsudhira Chulalongkorn unibertsitateko irakaslearen arabera. Eta nahiz eta emaitzek lehen ministroa legitimatu, litekeena da Thailandiak «koma egoeran» jarraitzea.