GARA GENEVA

1850etik seigarren urterik beroena izan zen 2013a, Lurra berotzen ari den froga

Behaketa egiten hasi zenetik, urte beroenen zerrendan seigarren dago 2013a. Tenperatura igoera horrek Lurraren berotzea baieztatu du eta meteorologoek joera horri eutsiko diola ohartarazi dute.

2013a 1850tik seigarren urterik beroena izan zen, 2007arekin batera, eta Lurra berotzen ari dela frogatzen du horrek, Munduko Meteorologia Erakundearen (MME) datuen arabera. Lurraren eta itsasoen azalaren batez besteko tenperatura 1961 eta 1990 artean kalkulatu zena baino gradu erdi beroagoa izan zen eta aurreko hamarkadako (2001-2010) batez bestekoa baino 0,03 gradu beroagoa izan zen, erakunde horren hitzetan.

«2013ko batez besteko tenperatura epe luzeko berotze joerarekin bat dator», nabarmendu zuen Michel Jarraud MMEko idazkari nagusiak. «Ukaezina da, berotzeko erritmoa berdina ez bada ere. Eta ikusita berotegi efektua duten gasen kontzentrazio inoiz baino handiagoa dagoela atmosferan, tenperaturen igoerak hainbat belaunalditan jarraituko du», gaineratu zuen.

«Gas karbonikoen eta berotegi efektua duten bestelako gasen isurketak gutxitzeko azkarrago edo astiroago gabiltzan, horrek planetaren egoera moldatuko du gure seme-alabentzat, ilobentzat eta birbilobentzat», ohartarazi zuen Jarraudek.

Azaleko tenperatura ondo ezagututako eta neurtutako indizea da, baina aldaketa orokorraren zati bat baino ez da, gizakiak sortutako gehiegizko beroaren %90 ozeanoek xurgatzen dutelako. 1850ean behaketa sistematikoak egiten hasi ziren. Kalkuluak egiteko, MME hiru datu multzotan oinarritzen da: Britainia Handiko East Angliako Unibertsitateko ikerketak; AEBetako Atmosfera eta Ozeanoen Datu Klimatologikoen Zentro Nazionalaren lana eta NASAren Goddard Institute for Space Studes (GISS) zentroko datuak. 2012an AEBetako urteko tenperaturek markak hautsi zituzten. Iaz, berriz, Australian ezagutu dute bere historiako urterik beroena. Hain zuzen, bertan sute larriak sortu zituzten tenperatura altu horiek.

Inoiz erregistratu diren 14 urte beroenetatik 13 XXI. mendekoak dira. Marka 2010 eta 2005 urteek daukate, batez besteko tenperatura ohikoa baino 0,55° beroago izan zelako. Jarraian 1998. urtea dago, «El Niño» fenomenoa izan zen orduan.

«El Niño» eta «La Niña» izena duten fenomenoak- klima berotu edo hoztu egiten dutenak- aldaketa naturalen arrazoi nagusien artean daude. Baina iaz ez ziren gertatu eta, halere, aurreko bi urteak baino beroagoa izan zen. 2013a fenomeno horiek gabeko lau urte beroenen artean dago. Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko (IPCC) klimatologoek gogorarazi dute Lurra 0,8° berotu dela industriaurreko arotik, gizakien ekimenaren eraginez batez ere.

Etorkizuneko isurketen arabera, termometroak oraindik 0,3-4,8 gradu artean igo daitezke 2100. urtera arte. Berotzea industriaurreko aroaren aldean 2 gradura mugatzea da Nazio Batuen Erakundean negoziatzen ari diren 195 estatuen helburua.