GARA

Donostiako Udala euskalduntzeko kanpaina hasi dute alderdi guztiek

Donostiako Udalak komunikazio eta sentsibilizazio kanpaina bat jarri du martxan udal administrazioan euskara sustatzeko. «Udalean ere euskaraz» leloa du eta bertako langileei zuzenduta dago, hizkuntzaren erabilera normalizatzeko eta areagotzeko beren konpromisoa behar-beharrezko ikusten duelako.

Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek eta sindikatuetako ordezkariek babestu dute atzo eguerdian Juan Karlos Izagirre alkateak berak aurkeztu zuen ekimena. Honek Administrazioak euskal hiztunei arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatu behar diela eta guztiek «Donostia, Euskararen Hiria, euskalduntzen jarraitu» nahi dutela azpimarratu zuen.

Uztaileko planaren ondotik

Donostiako Udalak Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plana onartu zuen uztailean, eta kanpainaren helburua da plan horretan jasotzen diren neurriak ezagutaraztea eta, aldi berean, langile guztien ahaleginaren beharra nabarmentzea. 2013-2017 bitarteko indarraldia izango du planak eta bere garapenaren bidez udal administrazioarekin harremanetan jartzen den herritar orori euskaraz artatua izatea bermatu nahi zaio, ahoz zein idatziz, esparru guztietan. Udalak 1.397 langile ditu (erakunde autonomoak barne) eta horietatik 1.032 dira gai euskaraz hitz egiteko.

Hilaren 21ean mosaiko koloretsu batekin «Udalean ere euskaraz» leloa osatzera gonbidatu zituen alkateak langile guztiak. Hitzordua Alderdi Ederren izango da, eguerdian.