Maider IANTZI

«31 mintza! Partida berria hasi da, irabaz dezagun!», dei eginez dator Herri Urrats

Mus jokoari lotu zaio aurten Herri Urrats, hordagoa botatzeko gogoz datorrelako. «31 mintza!», edo «Ez da musik» leloarekin, euskaraz solas egiteko erran nahi dio gizarteari, euskararen alde egiteko agintariei, eta aterabide baterako mintzatzeko Parisi. Logotipoan, bestaren agertokia azaltzen da, Senpereko aintzira. Sylvine Fauk diseinatzailearen irudiak esku ireki baten antza du. Karten ikurrak ditu hatzetan.

Maiatzaren 11n ospatuko den jaia Ipar Euskal Herriko ikastolen birika dela eta aurten «giza marea» bilakatzea nahi dutela nabarmendu zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak atzo Donostiako Ikastolen Etxean eta Baionako Kalostrape ostatuan egindako aurkezpenean. Izan ere, «itsasoa puztuta dator -erran zuen Gobernu frantsesari erreferentzia eginez-, Hendaiako ikastola jo du eta ez dugu besterik jotzerik nahi».

Azaldu zuenez, jaiotza tasa behera doan arren, ikastoletako haurren kopuruak goiti egiten du etengabe. 3.100 ikasle dituzte. Horregatik, «inoiz baino beharrezkoagoa» dute herriko etxeen laguntza.

31. edizioa du Herri Urratsek eta 31 ikastola ditu Ipar Euskal Herriak: 27 ama ikastola eta Lehen Mailako ikastola; hiru kolegio Kanbon, Ziburun eta Lartzabalen; eta Baionako Lizeoa. Azken hau txiki gelditu zaie eta Biarritzen lizeo orokorra eta profesionala eraikitzera bideratuko dute bestan bildutako diru zamaren zati handi bat.

Musari keinu eginez, txapelketa bat ere antolatu dute; lehen saioa Angeluko Kimua ikastolan izanen da bihar.