Arantxa MANTEROLA BAIONA

Baionaldeko lurralde antolaketarako irizpideak aho batez onartu dituzte

Baionaldeko eta Landetako hegoaldeko eremuek badute jada SCOT deituriko plangintza; hau da, 6 herri-elkargo eta horien baitan dauden 48 udalerrien (217.000 biztanle) lurraldea koherentziaz antolatzeko irizpideak finkatu dituen dokumentu ofiziala.

Hamahiru urteko lanaren ostean, herenegun aho batez onartutako plangintzak 15 urteko iraupena izanen du eta, pixkanaka baina epe mugatuan, herri guztiek SCOTen irizpideak beren hirigintza planetan integratu beharko dituzte, baita mugikortasun edo etxebizitza plangintzetan ere.

Garapen iraunkorra oinarri hartuta, hainbat esparrutan jarraibide biziki berritzaileak finkatu dira. Horien artean eta bereziki nekazaritzako jarduera babestu eta sustatzearren, urtean hiritartu daitezkeen landa lurren kopurua erdira jaitsi dute (70 hektarea urteko).