Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

Krudelkeria agerian

Arkaitzen izena oroitaraziko diegu, behin eta berriro, beste izen guztiekin batera, zurikeria agerian uzteko. Baina ez haien moduan, mendeku bila

Zurikeriaren erresuma da Espainia. Diktadore batek izendatu zuen, bere behatz zikinaz, hots, heriotza zigorra sinatzeko erabiltzen zuenaz, gaur egungo estatuburua. Poliziari, epaileei, militarrei, aberats eta politikari askori frankismoak eta frankismoaren ondoko erregimenak jarioarazitako odola darie, baina bakeaz, demokraziaz eta giza eskubideez mintzo zaizkigu. «Tortura bizi den lurrean hila da justizia», esaten da, eta halaxe gertatzen da espainiar Estatuan, non kaleko protesta ondare komunak lapurtzea baino garestiago ordaintzen baita. Zurikeriaren erresuma, hilik agertzen dira presoak ziegetan, eta gertatutakoa ikertu beharrean, ezkutatzeko ahalegin guziak egiten dituzte. Ederki dakite hedabideek aski dela «etarra» hitza aipatzea zurien gogoa lasaitzeko: «mereziko zuen, ziurrenik». Lasai asko agertuko dira zuri horiek berak, edozein tertuliatan, parlamentutan, bilkuratan, barkamena eskatu behar dugula, ETAren indarkeria gaitzetsi behar dela eta halakoak aldarrikatuz. Zurikerian kiratsa ezin uxatuz, jakina!

Kartzelan hiltzea, ateratzeko gutxi falta delarik: espainiar krudelkeriaren ibilbide luzean, beste mugarri bat. Horretaz ari gara, izan ere, krudelkeriaz, Estatuaren krudelkeriaz, eta Estatuaren jarduera hauek babesten dituzten zuri guztien krudelkeriaz, alegia.

Zuriak. Zuriak dira, bai. Lezioak eman nahi dizkigute, baina beren krudelkeriak beste hildako bat utzi du. Beste aldera begiratuko dute, orain arte bezala. Legeak aipatuko dituzte, betiko moduan. Haiek urratzen dituzten legeak, argi mintzatzeko. Beren ardura ukatuko dute, baina haiek dira errepresioaren arduradunak, haiek zigor bidegabeen erantzuleak. Haiek aldatu dituzte legeak epaitegietan kale protesta heriotza eragitea baino larriagoa bilakatzeko. Haiek antolatu dute sakabanaketa. Haiek babesten dituzte jipoiak, torturaren aukera eta torturatzaileen inpunitatea bermatu dituzten era berean.

Arkaitz izena apuntatu behar dute beren merituen zerrendan. Ziegan agertutako gorpuaren irudia agertu beharko litzateke beren gogoan indarkeriaren kontra mintzatzen diren hurrengoan. Baina haiek, zuri madarikatuak, haiek bestelako gogoa daukate, goi mailako gogoa, goi mailako morala, goi mailako etika. Eta jakina da goi mailak ez direla beheko lohiarekin nahasten.

Arkaitzen izena oroitaraziko diegu, behin eta berriro, beste izen guztiekin batera, zurikeria agerian uzteko. Baina ez haien moduan, mendeku bila.

Zurikeriaren erresuman ez dago bizitzarik, ezta bizitzerik ere. Horregatik zurikeriaren erresumatik alde egin nahi dugu, lehenbailehen alde egin ere, itotzen baikara atmosfera kutsatu honetan.

Urratsak behar dira, hau berriz ere gerta ez dadin, zergatik eta noren ardurapean gertatu den argitzeko pausoak eta, jakina, neurri zehatzak erantzukizunak jendearen aurrean nabarmentzeko. Baina badakigu ez dutela halakorik eginen. Beren zurikerian aterpetuko dira, oraingoan ere, ahal bezain pronto barkamen eskaerak eta halakoekin itzultzeko.

Herri honek askatasunaren bidea aukeratu zuen aspaldi. Inoiz ez da bide erraza izan, ezta izanen ere, baina aukeratu duguna da. Eta Arkaitz eta beste guziak gogoan, aurrera segituko dugu, jakina!