Aimar ETXEBERRIA

EH Bildu, estatus berria «mugarik gabe» eztabaidatzearen alde

Estatu frantses zein espainolak «inposatutako» ereduek «porrot» egin dutela oinarri hartuta, estatus politiko berriaren eztabaida «mugarik gabe» egitea proposatu dute EH Bilduko ordezkariek. Eztabaida bera azkartzea ere proposatu dute, horrek prozesu demokratikoari bultzada emango diolakoan. Hala, debate «zabal, ireki eta -hartzaile» baten alde egin dute, beronen garapena «instituzioen eremutik harago» egin behar dela gaineratuz.

Estatus politiko berria izan zuen hizpide atzo EH Bilduk Donostian burututako agerraldian. Bertan, koalizioa osatzen duten alderdi guztietako ordezkariak izan ziren, Euskal Herria osatzen duten lurraldeen marko juridiko-politikoaren definizioaren inguruan zabalik dagoen eztabaidaren aurrean koalizioak zein jarrera duen azaldu asmoz. Hala, Maiorga Ramirezek (EA) eta Rebeka Uberak (Aralar) hartu zuten hitza, azken hau izan zelarik euskaraz hitz egin zuena.

Hitza hartzean, baieztapen batekin hasi zen Ubera: Estatu frantses zein espainolak Euskal Herrian «inposatu» dituzten eredu juridiko-politikoek «porrot» egin dute. Eta horren ondorio da, koalizioaren ordezkariaren ustez, gizarteak berau zalantzan jarri izana. Horregatik, esparru berri bat eratzea nahitaezkoa dela gaineratu zuen.

Testuinguru politikoak horretan laguntzen duela adierazi zuen -Kataluniari eta Eskoziari zeharka begiratuz, estaturik gabeko nazioek nazioartean lekua izatea eskatzen ari direla esanez-, eta eztabaida bera azkartzearen beharraz ere mintzatu zen, horrek prozesu demokratikoari bultzada emango diolakoan. «Azken batean, Euskal Herria nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea duela ukatzen duten eta agortuak dauden formulak proposatzen dituzten bi estaturen aurrean gaude», adierazi zuen. Ildo horretan, «gaixoturik» dagoen Estatu espainol batez hitz egin zuen, baita «zentralismo jakobinoa» oinarri duen Estatu frantses batez ere, eta horiek horrela, «erantzukizunez» eta egoerak eskatzen duen «mailarekin» jokatzeko deia luzatu zuen.

Eztabaida zabala eta irekia

Estatus politikoaren eztabaida «ezinbesteko» bi oinarriren gainean garatu beharko dela ohartarazi zuen Uberak: Euskal Herria nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea duela. «Bi printzipio horiek ez onartzea demokrazia ukatzea da», salatu zuen. Gainera, eztabaidak «zabala, irekia eta -hartzailea» izan behar duela gaineratu zuen, «instituzioen eremutik haratago garatuko dena». Ildo horretan, kultura, ekonomia eta gizartea eta beste alorretako jendearen -hartzeaz mintzatu zen.

Hori horrela izango bada, ordea, helburu horiek katzen dituztenek indarrak batzea ere «ezinbestekoa» izango dela iragarri zuen. «Horixe da zoru demokratiko batean oinarritutako Euskal Herriaren eraikuntzarako prozesuari egiten diogun ekarpena», azpimarratu zuen. «Mugarik gabeko elkarrizketa eta mugarik gabeko demokrazia. Euskal herritarrei egiazko boterea ematea da gure gizarteak aldarrikatzen duena», nabarmendu zuen.

Alta, Euskal Herriko gehiengo sozialak «zumetz berriak» eskatzen dituela-eta, «zaharkituak» dauden konponbideak ez dituztela onartuko ohartarazi zuen. «Herritarrek mugarik gabe adierazitako borondatea aintzat hartzen ez duen edozein erreforma instituzionalek porrot egingo du», adierazi zuen.

Bazterketarik ez

Eztabaidari ekiteko orduan inongo eragile politiko, sozial eta sindikalik ez dutela baztertuko adierazi zuten, betiere aurrez aipaturiko oinarrizko bi baldintzak errespetatzen diren bitartean.