GARA DONOSTIA

Nafarroako Bardoek eta Arabako Kuadrillek ez dute umorerik falta

Jan-edanaren bueltan ospatu dira asteburuan Nafarroako Bardoen eta Arabako Kuadrillen arteko bertso saioak. Saio jendetsu eta umoretsuak izan dira eta jendaurrean lehenengo aldiz kantatzera ausartu dira bertsolari ugari. Asteburu honetarako hamar saio iragarri dituzte.

Nafarroan sei saio eta Araban beste bi jokatu dira pasa den asteburuan. Lehenengo asteburua zuten Bardoek eta giro ederrean igaro dira hitzordu guztiak. Sei saioetatik bostetan etxeko taldea nagusitu da. Lesakako Linddurrenborda sagardotegian izan zen lehen kanporaketa. Etxekoen taldean Maddalen Lopez, Iban Garro eta Eneko Fernandez aritu ziren. Xirristikoen taldean Xabier Zarraluki, Martin Azpiroz eta Mikel Xabier Juaniz aritu ziren. Azkenean lesakarrek eskuratu zuten garaipena. Zubietako saioa Etxeko kontuk taldeak antolatu eta irabazi zuen, Mirristi Drimtimekin egindako saioa izan zen.

Erratzuko Zubipuntan ere bertso merendua egin zen, saioa parekatua egin zuten Baztango Lepanatuek 2 eta Barañaingo Barardoak taldeek, eta azkenean baztandarrak nagusitu ziren. Arbizun, Sakanako Bizkorratxiko eta Leitzako Harrapazank taldeak aritu ziren. Aipatzekoa Joanes Ilarregi gazteak egin zuen saioa, 15 urterekin. Azkenean leitzarrentzat izan zen jokoan zegoen puntua.

Larunbateko bi saioak Iruñean izan ziren. Bertako Bertze maldikoak eta Larraungo Paalletan Mocedades izan ziren Zaldiko Maldikon. Larraungo taldean jendaurrean lehen aldiz aritu ziren bi bertsolari, Joana Ziganda eta Luis Mari Larreta. Azkenean Iruñeko taldearentzat izan zen saioa. Txantreako Auzotegin, etxeko 12 obario eta 11 pedrada eta Mailopetarrak taldeek kantatu zuten, azken honetako Aitor Irastortzak lehen aldia zuen jendaurrean. Txantxearren taldean Erika Lagoma, Irati Majuelo eta Saioa Alkaizak kantatu zuten, eta azkenean haientzat izan zen saioa. Asteburuan segida izanen du Bardoak ekimenak, beste bost saiorekin. Ostiralean Beran eta Iruñean; eta larunbatean, Otsagabian, Leitzan eta Gaintzan.

Kuadrillak

Arabako Bertso-kuadrilla artekoaren bigarren asteburuan bi saio egin ziren, Gasteizen eta Izarran, eta sei taldek parte hartu zuten, lauk bat-batekoan eta bik idatzizkoan. Gasteizko Bertxotxoak taldeak afaria antolatu zuen Landatxo elkartean, ostiral gauean. Afariaren ondorengo giroan Gasteizko Hemendik at! taldeak sorta idatzi bat kantatu zuen jendaurrean. Jarraian, bertako taldea eta Aramaiotik etorritako Unibertsolariak taldeek bat-bateko lagunarteko saioa egin zuten.

Larunbatean Urkabustaizko bertso eskolak antolatu zuen bertso bazkaria, Izarrako Behekoiturri elkartean. Idatziko modalitatean Urkabustaizko Gazte Asanbladakoak aritu ziren eta bat-batean Urkabustaiz eta Aguraindik etorritako Sorginetxe taldeak aritu ziren kantuan.

Datorren ostiralean Ataurin izango da saioa, eta larunbatean Oion, Ozeta, Aramaio eta Amurrion.