Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Zer pentsatua

Kapitalismo kulturalak kontsumitzaile irrazionalak sortu nahi ditu, horrela hausnartu gabeko hautu irrazionalak egin ditzagun

Munduko aberastasunaren erdia %1en esku dago. Horra Oxfamek emandako azken datua. Esan nahi baita denon artean sortzen dugun aberastasuna gutxi batzuen eskuetan baino ez dagoela; aberastasun horren erdian gehiengo handi bat txoria gari artean legez goseak egon beharrean dagoela. Eta horri demokrazia deitzen diotela gero.

Datuak datu, han-hemenka agertu zaizkigu azkenaldian zenbait agintari, etorkizunaren iragarle bihurtu eta krisitik (horrela utziko dugu) ateratzen hasiko garela esanez. Christine Lagarde anderearen «profident irribarrea» ezaguna genuen, baina ez bere poesiarako sena: «Baikortasuna airean dago, izotz aroa atzean gelditu da eta zerumuga distiratsuagoa da» esan du. Nahi gabe (pentsatzen dut) haiku polit bat asmatu duela esango nuke.

Hitz politez harago, ordea, ezberdintasun sozial eta ekonomikoa estigma sozial bilakatua da gure eguneroko errealitatean. Aldez edo moldez denok jasaten baitugu egoera beltz honen atzaparkada. Sistema kapitalistak duen dohainik handiena (zaurgarriena) geure azalean nozitzen baitugu etengabe.

Garbi dago iruzur globalizatu honek guregan, gure poltsiko eta bizi baldintzetan duen eragina. Baina agian ez gara gehiegi ohartzen kapitalismoa ez dela soilik ekonomikoa edo zifra hotz bat, ez dela BPG, ekoizpen edo lan kontua bakarrik. Ez da mugarik gabeko hazkundeari lotutako ekoizpen modu suntsigarria soilik; hori ere bai, baina batez ere pentsatzeko modua ere badelako. Mentalitate kontua da. Sistema hau eredu orokor eta ultraliberala duen botere molde bat baita.

Lagarde anderea bere irribarrearekin leuntzen saiatzen den arren, poesia gutxi dago hor. Egungo sistemak gure lan denbora eta aisia ez ezik, gure bizimodua eta pentsamoldea ere formateatu egiten baititu. Hala, eredu honek esaten digu zer erosi edota zer-nolako kultura kontsumitu behar dugun. Finean, kontsumorako eta produkziorako baino ez baikaituzte nahi. Materiarekiko esklabo bihurtu eta konektatuta egotea betebehar bihurtu zaigu. Sakelakorik ez duena trogloditatzat hartzen da eta hori nahikoa ez balitz etengabe komunikaturik egoteko obsesioak gaina hartu eta hipokondriako zerebral bihurtu gara. Edota Miquel Amoros historiagile eta saiakeragilearen hitzetan esanda, «lan egiteko modu industriala bizitzeko modura zabaldu da eta arlo ekonomikoaz gaindi gure izateko moduraino heldu da sistema honen eragina». Hots, kapitalismoa etxekotu egin dugu eta orain ez dakigu nola kendu gainetik.

Kapitalismo materiala bere gordintasunean ikusten eta nozitzen dugu; kapitalismo kulturala, ordea, ez dugu hain erraz ikusten, subliminalagoa delako, inkontzientera jotzen duelako. Kapitalismoaren eredu honek kontsumitzaile irrazionalak sortu nahi ditu, horrela hausnartu gabeko hautu irrazionalak egin ditzagun. Adibidez, Coca-Cola lata bat «Aitor», «Nerea», edota «Leire» izenarekin pertsonalizatu daitezkeen garaiotan eredu hau etxe barruraino sartzen dugu ia ohartu gabe. Hautu horrek aske ala esklabo bihurtzen gaituen jakin gabe.

Niri zer pentsatua ematen dit, izan ere, kapitalismoa beti ari baita bere burua berrasmatzen. Gure partez, esan nahi nuen.