Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Diziplina desberdinen arteko mugak aztertuko ditu dFeriak

Aurtengo dFeria arte eszenikoen jaialdia aurkeztu zuten atzo, Donostian. Bertan 26 konpainiak hartuko dute parte guztira, erdiak baino gehiago Euskal Herrikoak. Jaialdia kanpora begirako erakusleiho aparta da eta bertan ikusi ahal izaten diren lanak saltzeko bidea.

Donostiako arte eszenikoen dFeria jaialdia martxoaren 10 eta 13 bitartean ospatuko da aurten. Parte hartuko duten 26 konpainiatatik 10ek dantza emanaldia eskainiko dute, 14k antzerkia eta bik diziplina desberdinak nahasten dituzte. Diziplinak nahasten dituzten horiek gutxi badira ere, Norka Chiapuso dFeriaren zuzendariak esan zuen aipatzekoa dela gero eta hobeto uztartu ohi direla ikuskizunetan eta horregatik jarri diote «Mugak» izena aurtengo edizioari. «Lehen, ikus-entzunezko elementu bat sartuz gero arrotza gelditzen zen, orain, berriz, lanean integratzen asmatu dute. Aurrez grabatutako zatiak momentuan bertan antzeztutako zatiekin tartekatzen dituzte», azpimarratu zuen. Belen Moneo artista grafikoak ere mugen ideia horri heldu dio kartela diseinatzeko: itsasoaren eta lurraren arteko muga.

Eskainiko dituzten emanaldietatik 18 estreinaldiak izango dira Euskal Herrian, eta gainera, euskal eszenaren aldeko apustua egin da 26 konpainia horien %53 Euskal Herrikoak baitira (%27 Estatu espainolekoak eta %20 Mexiko, Uruguai, Danimarka eta Estatu frantsesekoak).

dFeria erakusleiho aparta da lanak kanpora begira zabaltzeko. Iazko edizioan aurkeztu ziren lanen geroko kontratazioan azokaren aurrekontua bost aldiz gainditu zen.

Jaialdiko emanaldietarako sarrerak oro har 6 euroan izango dira salgai otsailaren 16ra arte. Asteak pasa ahala pixkanaka garestituko dira, hau da, zenbat eta lehenago erosi orduan eta merkeago. Victoria Eugenia antzokia da agertoki nagusia, baina beste txikiago batzuk ere izango dira Donostian barreiatuta. Horien artean berrikuntza Atano III. frontoia izango da, eta bertan Hortzmuga teatroak «Yo estuve allí... y no lo contaron como yo lo ví» lana eskainiko du martxoaren 12an, 23.30ean. Horrekin batera Chiapusok beste hainbat azpimarratu zituen: «Hautsa» (Parasite kolektiboa, martxoak 10, Intxaurrondoko kultur etxea, 13.00etan) antzerkia eta dantza nahasten dituen «collage eszeniko bat»; «La escuela de los vicios» (Morfeo teatro, martxoak 11, Antzoki Zaharra, 19.00etan) Quevedoren testuei helduz, bizio txarrak ikastera doazen ikasleen istorioaren berri ematen digu eta amaieran ministro izendatzen dituzte. «Burgosen eskaini zuten obra hau eta txalo zaparrada jaso zuen, `Sí se puede' garraxiekin batera», azaldu zuen Chiapusok. «Cuarteto del alba» lana (Laurentzi producciones, martxoak 12, Antzoki Zaharra, 19.00) Carlos Gil kazetariaren testuetan oinarritzen da eta lau aktoreen kontakizunetara bideratzen gaitu. «Barrokamiento», berriz, (Siosi teatro, martxoak 13, Intxaurrondo, 11.15ean) XVI. mendeko hildako hiru emakumeren askatasun garrasia da. Literaturari esker euren eskakizunak bizirik mantentzea lortu zuten.