Amaia GARTZIA GASTEIZ

Elurrak eta Tanttakak Mikel Laboa ekarriko dute gogora Gasteizen

«Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan)» obra estreinatuko dute gaur Gasteizko Printzipal antzokian. Mikel Laboa hobeto ezagutzea ahalbidetzen duten zazpi elurte, denbora geldotzen duen zazpi eteneko «ikuskizun intimoa», Mireia Gabilondo zuzendari eta aktorearen hitzetan, musika, antzerki eta kanta biltzen dituena. Berarekin batera Iñaki Ricarte aktorea eta Iñaki Salvador, Angel Unzu eta Maria Berasarte musikariak izango dira artistaz gogoeta egiten.

Aurreko egunetan bezala elurra egingo du gaur Gasteizen. Baina ez nolanahi. Zazpi aldiz baizik. Eta elur malutek erritmoa markatzen duten denbora gelditu horretan, eguraldiaz gain denbora bera ere izozten duen elurrarekin batera, elkarrekin bilduko dira Mireia Gabilondo eta Iñaki Ricarte aktoreak, Maria Berasarte abeslaria eta Iñaki Salvador eta Angel Unzu musikariak Gasteizko Principal antzokian estreinatzekoa den «Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan)» obraren baitan, 20.00etan. Tanttaka konpainiaren ikuskizun horretako protagonista baino, narratzaile diren horiek -pertsonaia nagusia Laboa dela esan genezakeelako- erlojuaren orratzek ere desafiatzen ez duten elurraren tempo leunago horretan gauean elkartu, eta Mikel Laboaz arituko dira, elurrak zazpi aldiz hartuko dituelarik: bere txoriez, bere lotsaz, bere ausardia artistikoaz... aritzeko zazpi pasarte.

«Laboaz hitz egiteko gogotik» sortu den obra bat da aktore lanak ere egiten dituen Mireia Gabilondo zuzendariaren hitzetan. Bernardo Atxagaren testuez osatutako gidoia du ikuskizunak, eta izenburuak berak ere idazleak Mikel Laboaren inguruan idatzi zuen «Zazpi aldiz elur» artikulua du oinarrian, Euskaltzaindiaren «Erlea» aldizkariko lehen alerako prestatua. «Zazpi aldiz elur» elurra edo Laboa hari bihurtuz hartzen duen musika, antzerki eta poesiaren batuketa bat da. «Elurraren bitartez Mikeli buruz hitz egiten dugu», zehazten du Gabilondok.

Txoko askotako eta ziurrenez hainbatetan errepikatzen den estanpa izan daiteke «Zazpi aldiz elur»: etxean, elkarrekin, sutondoan pertsonak batzeko gaitasuna sortzen duen elurtea dela-eta Mikel Laboa abestu, Mikel Laboaz jardun. «Ez hori bakarrik», gehitzen du Gabilondok, «baizik eta elurrak berak ere ze eragin daukan kanpora begiratzen dugunean, daukan sinbolismo poetiko hori, isiltasun eta zuritasunak paisaia aldatzeaz gain gure arima ere aldatu edo behintzat beste leku batera eramaten baitu».

Mikel Laboa 2008ko abenduaren 1ean zendu zen eta orduan ere «elurra egin zuen», gogorarazten du zuzendariak, «eta hortik hasten da ikuskizuna ere. Nahiz eta beste lotura batzuk ere badauden hurrengo pasarteetara iristeko, gehienetan elurra da».

Boskotea osatzeko Iñaki Salvador, Angel Unzu eta Maria Berasarte musikariak ondoan izan ditu Gabilondok, eta azaldu zuenez, pertsonen arteko topaketa bat da ikuskizuna: «Laboatik hasita argi zegoen ikuskizunean kantuak eta musika egongo zirela, baita poesia ere». Atxagarenak ere badira eta errezitaldi kutsua hartuko du batzuetan, baina beste zenbaitetan beste «jauzi» bat egingo dute: «Testu horiek pixka bat antzerkiratu ditugu batzuetan eta pertsonaia txikiak egin, baina beste zenbaitetan gu geu gara hitz egiten ari garenak».

Angel Unzuk gitarra hartuko du, Laboaren inguruko ikuskizun batean «ezinbestekoa». Bai Unzu zein Iñaki Salvador (piano eta akordeoiarekin), Mikel Laboak Zurriolako hondartzan emandako azken kontzertuan izan ziren.

Gitarrarekin batera ahotsa ere beharrezkotzat jo dute bai Gabilondok zein Salvadorrek eta Maria Berasartek emango die bizitza letrei: «Joko ziren musika ezberdinetan gutxienez Laboari entzun genizkion hizkuntzetariko batzuk entzun behar zirela iruditu zitzaigun, euskara nagusiki, baina baita portugesa ere, esaterako», aipatzen du musikaren arduradun den Salvadorrek. Hortik Berasarte fado kantariaren aukeraketa.

Salvadorrek, bestalde, Laboaren abestiak moldatzeko lana egin du ikuskizunerako, bertsio instrumental eta kantatuekin: «Pertsonalki harro sentitzen naiz lan honekin, antzerkia oso hizkuntza egokia delako Mikel Laboaren unibertso artistikoa azaldu eta gogoratzeko».

Mikel Laboaren gertuko jendeaz osatu da lan taldea; Salvador eta Unzuz gain, Jose Luis Zumetak egin du ikuskizunaren kartela eta bereak dira baita ere emanaldian zehar erakutsiko diren Laboaren irudiak, «Zumetak bere diskoetako portada asko egin baitzituen», dio Gabilondok.

Obra eleanitza izango da, euskaraz gain portugesa, frantsesa, ingelesa eta gaztelania erabiliko dituena, Laboak egin zuen moduan. Gaur eta etzi elurte bereziak izango dira Gasteizen, orain arte ez ikusitakoak. Laboak elurra ekarriko du, eta elurrak Laboa. Larunbatean eta igandean, Donostiako Antzoki Zaharra zurituko da beste bi emanaldirekin.