GARA DONOSTIA

Leioko Kultur Maratilak euskarazko sei lan eszeniko taularatuko ditu lau egunetan

Artedrama eta Kultur Leioak elkarlanean prestatutako Kultur Maratila zikloaren aurkezpena egin zuten atzo. Euskarazko sei lan eszeniko bildu dituzte otsailaren 20 eta 23 bitarteko egitarauan, diziplina aniztasuna kontuan izanda, hau da, antzerkia, dantza, musika.

Lehenengo emanaldia «Konpota» antzezlana izango da, Dxusturi teatroaren eskutik. Horren atzetik, Ertza konpainiaren «Nan» dantza ikuskizuna izango da. Agertokira Asier Zabaleta dantzari garaikidea eta Iñar Sastre pianista igoko dira. Egun berean «Transhumantzia» musika ikuskizuna eskainiko dute François Rossek eta Mixel Etxekoparrek. Hilaren 22an Laboaren kantak taularatzen dituen «Zazpi aldiz elur» antzezlana ikusi ahal izango da, baita JB Pedradas-en «Pepino ustelak (hozkailuan)» transexualitatearen gaia jorratzen duen lana ere.

Programa osatzeko, otsailaren 23an bertsoak, musika eta antzerkia uztartzen dituen «Gabrielen lekua» ikuskizuna eskainiko dute.