2014/02/12

Munduko 19 herrialdetan ume soldaduak erabiltzen dituztela salatu dute

Alboanek, Amnesty Internationalek, Entreculturasek, El Compromiso Fundazioak eta Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak 19 herrialdetan haurrak soldadu gisa erabiltzen dituztela salatu dute.

GARA DONOSTIA
P025_f02_148x104

Gobernuz kanpoko hainbat erakundek, horien artean, Alboan, Amnesty International, Entreculturas, El Compromiso Fundazioa eta Save The Children-ek, 19 herrialdek oraindik ere adingabeak soldadu gisa erabiltzen dituztela salatu dute. Gaur Ume Soldaduak Erabiltzearen Aurkako Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, Nazio Batuen Erakundeko ordezkariekin bilduko dira honek New Yorken duen egoitza nagusian. Egungo egoeraren diagnosia egiteaz gain, Esteban Crespo zuzendariaren «Aquel no era yo», ume soldaduei buruzko film laburra, ikusi ahal izango dute bilkuran. Iaz Goya sari bat irabazi zuen lan horrek eta aurten Oscar sarietarako hautatuen artean egon da.

Afrika Erdiko Errepublikan eta Hego Sudanen piztu diren gatazka armatuek ume soldaduen afera mahai gainean jarri dute berriro ere.

Kopuru zehatzik jakiterik ez dagoen arren, Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren datuen arabera, Afrika Erdiko Errepublikan 6.000 ume soldadu inguru daude. Gehienak, mutilak dira, Amnesty International erakundearen hitzetan, baina badira neskatoak ere. Horietako asko, gainera, bortxatu egiten dituzte, sexu-esklabo bihurtzen dituzte -buruzagi militarren «emaztea» izatera behartuz, adibidez- edo bestelako sexu-indarkeria pairatzen dute neska izateagatik. Namboro 16 urterekin batu zitzaien matxinatuei Afrika Erdiko Errepublikan. «Iparraldekoa naiz. Armada maiz etortzen zitzaigun, arazoak sortuz. Halako batean, gure aita jo zuten; gero, eskuak lotu, eta tiro egin zioten. Halere, bizirik atera zen. Halakorik ez nuela sekula gehiago jasango erabaki nuen, eta matxinatuekin joan nintzen. Pistola bat eman eta erabiltzen irakatsi zidaten. Haur bat besterik ez naiz, baina badakit zer den gatazka bat. Izan ere, gatazka batean hezi naiz eta egoera izugarriak ikusi behar izan ditut: gorputz mutilatuak, bururik gabekoak, odol asko... Damu naiz egin nituen zenbait gauzaz; baina soldadua nintzen, eta ez nuen beste aukerarik. Jeneral batek norbait geldiarazi eta jipoitzeko esaten badizu, horretarako inongo arrazoirik gabe (baita emakumeak edo zaharrak badira ere) ere, ezin duzu ezetz erantzun», azaldu du Namborok.

Iparraldetik hiriburura, Bangira, joan zen. Adingabetzat identifikatu zuten han; talde armatutik atera zen eta Save de Children gobernuz kanpoko erakundearen birgizarteratze programan sartuta dago.

Era berean, badira haur soldaduak Afganistan, Txad, Kolonbia, Boli Kosta, Filipinak, India, Irak, Libano, Libia, Mali, Myanmar, Pakistan, Sudan, Siria, Thailandia eta Yemenen. Gerran zuzenean esku hartzeaz gain, bestelako ekintza batzuk egitera behartu ohi dituzte; esaterako, espioitza edo mezulari lanetan jardutera.

Aurrerapauso gutxi batzuk egon direla aitortu arren -haurrak soldadutarako ez errekrutatzeko Yemenen, Txaden eta Kongoko Errepublika Demokratikoan, esaterako, edo umeen mutilazioak eta hilketak amaitzeko Somaliako Gobernuak sinatu zuen ekintza-plana-, milaka ume muturreko egoeretara bultzatzen dituztela, ankerkeriak egiteko erabiltzen dituztela, tratu txarrak jasotzen dituztela, bortxatu egiten dituztela eta hilketen lekuko izan ohi direla salatu dute arestian aipaturiko taldeek.

ONDORIOAK. «Ikusi edo zuzenean pairatzen dituzten egoera izugarri horiek ondorio oso larriak dituzte haur horien garapenean, osasun fisiko zein mentalean. Beharrezkoa duten laguntza jaso ezean, erabat murritz daiteke beraien etorkizuna», ohartarazi dute.