GARA DONOSTIA

Nobel sariak euskaratzeko Jokin Zaitegi beka bertan behera gelditu da arrazoi ekonomikoengatik

Arrasateko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatu ohi duten bekan 2013ko deialdirik ez da egingo. Kutxa fundazioak kendutako laguntzaren ondoren, ez dute gastuak ordaintzeko adina diru lortu.

AED elkarteak 2013ko 27. Jokin Zaitegi itzulpen sariketa bertan behera uztea erabaki du arrazoi ekonomikoak direla-eta. Goiena.net atarira igorritako gutun batean azaldu dutenez, «sariketari etorkizuna emango dion babesle berri horren bila» jarraitzen dute hala ere, udazken honetan sariketa berreskuratu asmotan. Kutxa Fundazioak 2012ko abenduan «urteetan emandako laguntza» bertan behera utzi ondoren, AEDk bere gain hartu zuen ordurako deitua zegoen edizioaren finantzazioa eta babesle berri bat bilatzeari ekin zion. «Babeslea lortzeko gestioek ez zuten emaitzarik izan, ordea, eta ondorioz, 2013ko edizioaren deialdia atzeratzea erabaki zuen, sariketa finantzatzeko diru iturri berriak topatu bitartean», azaldu du elkarteak.

Diru ekarpenak lortzeko deialdi bat ere egin zuten pasa den azaroan, Nobel-truk deituriko ekimenaren bitartez. 50 euroko ekarpenen bitartez, 2012ko edizioko ordainketak egiteko. «Bekaren etorkizuna ekimen horrek izan zezakeen harreraren baitan ere ikusten zuen hein batean». Baina urtarrilera arte izan da zabalik Nobel-truk egiteko aukera eta ekimenak ez ditu aurreikuspenak bete. 2.000 euro bildu dira denera, 40 lagunen ekarpenei esker, 2012ko sariketak eragindako gastuaren erdia baino ez.

AED elkarteak bereziki eskertu ditu Nobel-truken parte hartu duten guztiak.