Nagore BELASTEGI

Undermount, eskuz egindako underground kultura

Gero eta balio handiagoa ematen diogu eskuz egindako orori. Undermount kolektiboa ideia horren jarraitzailea da eta tailer ugari prestatu ditu jada duela hilabete estreinatu zuten Igeldoko etxean. Zinema, musika, artea, gastronomia eta poesia ohiko kultura zirkuituetatik ateratzea du helburu lagun talde honek.

Igeldo herri txikia da, baina badauzka jatetxe dotoreak, estazio metereologikoa eta, ondo-ondoan, kultura sustatzeko jaio berri den kolektibo bat. Undermount oilategia izan zen eraikin batean sustraitu zen duela hilabete eskas. Bost lagunek euren ilusioak batu, eta bertara joan ziren ideiaz betetako motxila batekin. Tailerrak, kontzertuak eta zinema emanaldiak astebururoko kontua dira landaz inguratutako txoko berezi horretan. Laura Miner argazkilaria da ogibidez eta zeramika egiten du denbora duenean. Marta Fernandez Caballero, berriz, bitxigintza irakaslea da, baina noizean behin bere lanak egitea gustatzen zaio. Estudio baten bila ari ziren eta Oscar Martin, Patricia Fernandez eta Andrea Apalateguirekin egin zuten topo. Hiru lagun hauek underground kulturari aukera bat emateko espazio baten bila ari ziren. Donostiako Egia auzoko soto bat aurkitu zuten, eta sinatu behar zuten egun horretan bertan gogoratu ziren Igeldon bazegoela oilategi zahar bat... jabearekin harremanetan jarri eta alokatu egin zuten. Orain pozez zoratzen daude denak. «Ze bista ditugun, hau zoragarria da», esaten zuten etengabe Undermount bisitatu genuenean. Han zegoen Billy ere, Lauraren lehengusu britainiarra, baratze ekologikoa izango dena lantzen, ahuntzen artean, itsasora begira.

Momentuz kolektiboak eraikin baten bigarren pisua alokatu du. Atetik sartzean edozein baserritako moduko nabe bat aurkitu dugu, abere arrastoak eta pareta zikinak ditu -jabeak bertan lanean jarraitzen du-. Eskailerak igotzen ditugun heinean konturatu gara, ordea, beste unibertso baterako bidea egiten ari garela: argitsua da, zabala, kreatibitatea islatzen du. Oraindik hobekuntza ugari egin behar dituztela diote, baina guri dagoen bezala primerakoa iruditzen zaigu. Dekorazioaren parte diren elementu gehienak Emaus dendatik edo zaborretatik lortu dute. «Norbaitek botatzeko altzaririk badauka, eman guri! furgoneta dugu eta joango gara bila», zioen Andreak. Beraren ustez, denborarekin eta arduratsuak direla erakusten dutenean, jabeak espazio gehiago utziko die. «Bera pozik dago. Antiguan bizi da baina denbora asko ematen du Igeldon, eta hemen gaudenetik beti dauka zeinekin hitz egin».

Ezkerrean, bigarren eskuko arropa eta aldagela bat dago. Andrea eta Patricia bigarren eskuko merkatu txikietan aritzen dira arropa saltzen, eta honelako bat antolatu dute Undermounten otsailaren 22rako (sarrerak 2 euro balioko ditu). Eskuinean, berriz, sukaldea dago. «Hemen gauzak poliki egiten ditugu -azaldu zuen Laurak-, kafe bat nahi baduzu momentuan ehotu eta prestatuko dizut. Slow coffee deitzen da kafea prestatzeko modu hau». Ate batek Laura eta Martaren estudiora eramaten gaitu. Alde batean, aliketa eta bestelako tresnaz jositako mahai txikia dago. Bestean, buztinez zikindutako mahai luze bat. «Kalekumeak gara eta hasieran, gauean dena isilik egotean, beldur pixka bat ematen zigun, baina ohitu ginenetik gozada bat da zein lasai dagoen dena», aipatu digu Martak. Ezin izaten du bere bitxietan denbora gehiegirik inbertitu, horregatik bitxiak enkarguz egiten ditu batez ere. Gainera, Donostiako Zubiri-Manteo institutuan bitxigintzan berezitutako goi mailako zikloa jarriko dute martxan datorren ikasturtera begira, eta horrekin ilusionatuta dagoen arren, lanpetuago ibiliko da (matrikula egiteko epea maiatzean zabalduko dute).

Martaren estudiokideari dagokionez, Laura zeramika klaseetara joaten da eta ondoren ikasitakoa praktikan jartzen du. Oscarrek aspaldian esan omen zion zeramika lantzen ikasi nahi zuela eta segituan prestatu ziren biak tornuan aritzeko. Lehenengo pieza ez zitzaion ondoegi atera, baina primeran pasatu zuen «Ghost» filmaren eszena ospetsua irudikatzen.

Nabearen erdian kristalezko bi mahai handi daude, Laurak egindako pitxarrekin apainduta. Bertan egiten dituzte asteburuetako tailerrak. Orain arte, Santo Tomas eguna ospatu dute txistorra begano eta guzti, errege-opila egiten ikasteko tailerra prestatu zuten, baita liburu pertsonalizatuak egiteko enkuadernazio tailerra ere. Era berean, haurrekin artelanak sortu zituzten Kutxa Kultur Hiria Txikia jaialdian. Garagardoa egiten ere ikasi dute (Undermounten egindakoak «Black diogenes» du izena eta laster dastatu ahal izango dute). Etxean egindako alkoholarekin duten lehenengo esperientzia ez da hori, ordea. Izan ere, oilategira iritsi eta gutxira sagarrak biltzen lagundu zieten Igeldoko bizilagunei, eta ordainetan sagardo botila sorta oparitu zieten. «Iazko sagarrarekin egindakoa da, baina datorren urtekoa guk jasotako sagarrekin egingo dute», esan zuen irribarretsu Andreak.

Datozen asteburuetarako antolatu dituzten ekintzen berri ere eman ziguten: Seitai norberaren osasuna kontrolatzeko arte japoniarraren oinarriak ikasteko tailerra zuzeneko musika italiarraz eta bertoko edariaz bustirik (otsailak 15, 25 euro bazkaria barne), pasta freskoa egiten ikasteko tailerra (otsailak 16, 18 euro bazkaria barne), poesia eta musika errezitaldia (otsailak 21). Martxoa musikala izango da batik bat, baina bestelako ekintzak ere izango dira: Joseba Irazoki (martxoak 2), Skifire Reggae Band (7an), June Ju eta Poeta (8ean), Yolanda Joyitas eta Samiel Lizasoren poesia arratsaldea (15ean), sushi tailerra (29an). Bestelako ideiak badituzte buruan, baina oraindik ez dute datarik zehaztu. Adibidez, altzari politak zaharberritzeko tailerra, zeramika eta argazkilaritza tailerrak, kontzertuak, erakusketak, eta Billy lantzen ari den baratzeak fruituak ematen dituenean horiek biltzeko egun bat programatuko dute eta merienda bat ospatuko dute bertaratutakoekin. «Garagardo pinta batekin edo te katilu batekin elkarrizketak ingelesez antolatzea edota literatura, antzerki, dantza edo alboka tailerrak prestatzea ere posiblea izango zaigula uste dugu. Udaberrira begira, berriz, `vermouth session'-ak egin nahi ditugu igandetan, musika, oliba eta berberetxoekin», azaldu zuen Patriciak.

Hondoan chill out moduko espazio bat dute, sofa eta koltxoiez betea. «Peli and manta» deituriko ekimena prestatzeko erabiltzen dute. Igandero, Ameriketako Estatu Batuetan arrakastatsuak izan diren baina Europan ospe handirik izan ez duten filmak proiektatzen dituzte jatorrizko bertsioan. Ondoren, euren artean komentatzen dituzte. «Aurretik txokolatea eta bizkotxoak banatzen ditugu eta mantarekin estaltzen gara», azaldu zuen Oscarrek. «Hotza egiten du, horregatik manta», baieztatu zuen Martak. Halako batean, «Peli and manta and pijama» egunak programatzea otu zitzaien, txantxetan, Lauraren zeramika lantzeko uniformea ikustean. Bost lagun hauen artean dagoen harreman polita agerikoa da. Energiaz beteak daude eta ezin dira geldirik egon. Dena erakutsi nahi izan ziguten, baita «terraza» ere (beheko solairuaren teilatua da, baina erabilgarria hala ere). Barruan ezin da erre, beraz, erretzaileek kanpora atera behar izaten dute. Erretzaile ez direnak ere pozik ateratzen dira parean duten paisaiaz maiteminduta daudelako. Eta, nola ez, bisitari berriei euren txoko berezi hori erakusteko irrikatzen daude beti.

Diru laguntzarik gabe, egitaraua osatuz

Undermounten antolatutako ekintzetan parte hartzeko contacto@undermount.org helbidera mezu bat bidaltzearekin nahikoa da. Batzuetan diruz ordaindu behar izango da, beste batzuetan, ordea, trukean norberaren jakintza partekatu dezake, hau da, ingelesa dakienak hainbat eskola eskaini ahal izango ditu ezer kobratu gabe, eta trukean sukaldaritza eskoletara ikasle moduan joan ezer ordaindu gabe. Sistema hau «denbora bankua» delakoaren antzekoa da, norberak dakiena besteekin konpartitzen duelako beste batek dakiena ikastearen truke. Hala ere, ekintza ugari doakoak dira. Honela, Undermounten egitaraua osatzea lortzen dute, momentuz, inolako diru laguntzarik eskatu gabe.