Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Otsailak 14 ditu

Zalantza eta inperfekzioa aurrera egiteko modua den jakitun, pentsamendu erromantikoari egiten zaion kritika presente izatearen aldekoa naiz. Maitatzeko modu eta eredu berriak eraikitzeko beharrean gaudelako

Bihotz formako gaileta multzo batek oihu egiten du Garibai kaleko okindegiaren erakusleihotik. Han dago, lastozko saski batean sartuta, azukre eta irin orez egindako opil taldea, «erosi eta oparitu nazazu» esanez. Urteko beste sasoi batean ez da gisa honetako gailetarik ikusten, baina halako aste batez bai. Izan ere, San Balentin ditxosozkoa dator, eta «eredu zuzenaren arabera» heziak izanagatik badakigu bihotza dela maitasun erromantikoaren kredoaren ikurra. Edo behintzat forma honetaz norbaitek noizbait ulertu zuena. Izan ere, erraietako bihotzak, edo organo fisiologikoak, ez dauka zerikusirik erakusten diguten irudi horrekin. Bihotz fisiologikoa berez, muskulu likatsu, bigun eta desatsegina da.

Estatu espainolean Galerias Preciados-ek ezarri zuen otsailaren 14ko eguna XX. mendearen bigarren erdian. Ordutik gauzak ez dira gehiegi aldatu eta egun egunkari masiboek Corte Ingles saltokien orrialde osoko iragarkiak dakartzate data honen harira: prezio paregabeetan eskaintzen dira maitasun estanda- rraren zantzuak. Koloniak %30eko deskontuarekin. Azal gorriko iBook-ak 143 euroan. Eta zalantzarik gabe, aukerarik hoberena, etxera bidaltzen duten larrosez, xanpainez eta txokolatez osaturiko «maiteminduentzako lotea» prezio paregabean.

Neoliberalismoaren olatu handiaren biharamunean konturatu egin gara halako datak kontsumoa elikatzeko asmakuntza kapitalistak baino ez direla. Eraldatzailea izan nahi duen politika batek de facto halako dinamikak kritikatzen ditu. Baztertu. Zerrenda beltzera bideratu. Zorionez matxinadak baditu bere balio zein printzipioak eta hartara, gaizki ikusiaren kategoria hartu du San Balentin ospatzearenak giro jakin batzuetan. Tira, beti izango dira militante autorizatuak halako egun batez, bikotekideari larrosak edo Googleko olerki erromantikoak oparitu izan dizkiotenak. Ez naiz demonizazioaren aldekoa, baino halakoek zer pentsa ematen dute.

Pentsatzea suposatzen duen ariketa horretan, feminismoak beti eskaintzen ditu bitartekoak eta ezinbesteko hausnarketak. Askotan kontsentsurako autoritate nahikorik gabe. Baina bazterretatik politika egitea beti izan da konplikatua. Egunotan biderkatu dira pentsamendu erromantikoaren inguruko iritziak. Eta demontrezko San Balentin eguna harreman afektibo patriarkalak indartzeko eguna dela irakurri dugu. Halako bihotz formadun gailetak oparitzeak kapitalismoaren kontsumo dinamikak elikatzeaz gain, sistema patriarkalaren ikurra den bikote heterosexuala zilegitzen duelako. Nagusi den harreman eredua, maitatzeko modua.

Lurralde komuna da kapitalismoa elikatzen duten egun zein dinamika seinalatuei egiten zaion kritika eraldaketaren aldeko ekipoetan. Ordea, denbora luzeagoa geratzen zaigu patriarkatua indartzen dituztenak identi- fikatzeko. Zalantza eta inperfekzioa aurrera egiteko modua den jakitun, pentsamendu erromantikoari egiten zaion kritika presente izatearen aldekoa naiz. Maitatzeko modu eta eredu berriak eraikitzeko beharrean gaudelako. Horregatik, bihotz formako gailetak ez diren artefaktu berriak pentsatzea tokatzen zaigu. Ezinbestean.