GARA

Atxilo zeuden dozenaka taliban askatu izanak Washington haserrarazi du

Afganistanek 65 taliban askatu izanak AEBen haserrea piztu du, bi estatuen arteko tentsioa goratuz. Washingtonek askaturikoak arriskutsuak direla esan du, eta Hamid Karzai presidente afganiarrak «Afganistango agintari judizialei erasotzeari uzteko» eskatu die AEBei.

Afganistanek Bagram espetxean (Afganistango Guantanamo izenaz ezaguna) zeuden 65 taliban askatu, eta AEBen haserrea piztu du, askaturiko talibanak «arriskutsuak» direla uste baitute. AEBen enbaxadak Kabulen «erabaki deitoragarria» salatu zuen. «Gobernu afganiarrak erabaki horren ondorioak bere gain hartu beharko ditu. Askatuek berriro indarkeria ekintzak ez egiteko neurriak hartzeko eskatzen diogu».

Hainbat adituren esanetan, Gobernuak talibanei keinua egin nahi izan die, negoziazioak has ditzaten konbentzitzeko, NATOren soldaduek Afganistan utzi aurretik herrialdea egonkortzeko asmoz. Orain arte taliban afganiarrek uko egin diote Hamid Karzairen Gobernuarekin zuzenki hitz egiteari, «AEBen txotxongiloa» delakoan.

Washingtonek azken asteotan berretsi dituen kexei erantzunez Kabulek adierazi du atxilotuen kasuak berraztertu dituela. Baina enbaxadaren ustez, «ez ditu inoiz benetan aztertu horien aurkako frogak».

AEBek diotenez, atxilotu hauek NATOren soldaduen eta indar afganiarren aurkako erasoetan parte hartu dute eta horiek askatu izanak Bagram espetxearen ardura eskualdatzeko hitzarmena urratu du.

AEBek denbora luzean izan zuten Bagram espetxearen kontrola beren esku, 2013ko martxoan afganiar agintariei eman arte. Espetxearen ardura eskualdatzeko ekitaldian, Karzaik Afganistanek bere subiranotasuna berreskuratzeko ahaleginaren ikur gisa aurkeztu zuen gertaera hori. Hala ere, Washingtonek afganiarrak ez diren atxilotuak bere kontrolpean ditu oraindik.

Karzaik: «Ez da AEBen afera»

AEBen protestei erantzunez, Karzaik epaileen erabakia defendatu zuen. «Espero dut AEBek Afganistango agintari judizialei erasotzeari eta horien epaiak eztabaidatzeari uztea. Afganistango agintari judizialek presoak askatzea erabakitzen badute, ez da AEBen afera», adierazi zuen presidente afganiarrak. Desadostasun horrek Washingtonen eta Kabulen arteko tentsioa areagotu du. AEBek 2014. urtetik aurrera Afganistanen indar militarra mantendu nahi dute, baina beti ere soldaduen immunitatea ziurtatuz.

Karzaik hori bermatuko duen ituna berehala sinatzen ez badu, AEBek tropa guztiak eramango dituztela mehatxu egin dute, segurtasuna indar afganiarren esku utzita, eta zalantzan dago Afganistango indar armatuek helburu hori betetzeko ahalmenik baduten. Karzaik arazo hori bere ondorengoari pasatzeko asmoa du, hauteskundeak apirilean izango dira-eta.