Aimar ETXEBERRIA

Desanexioa bertan behera uzten duen autoa «hutsa» dela salatu dute Igeldon

Desanexio prozesua behin-behinean bertan behera uzten duen erabakia baloratu zuten atzo Igeldon eta EAEko Auzitegi Nagusiaren autoan argudio juridikorik ez dela ematen salatu zuten. Hala, Estatu espainiarreko Auzitegi Gorenera errekurrituko dutela iragarri zuten.

EAEko Auzitegi Gorenak Igeldoren desanexio prozesuari bide ematen dion 46/2013 foru dekretua behin-behinean bertan behera utzi eta biharamunean, prentsaurrekoa eskaini zuten Igeldoko Herri Kontseiluko eta desanexioaren aldeko Itxas Aurre elkarteko kideek, euren abokatu Juan Landarekin batera, ebazpenaren gaineko balorazioa egiteko.

Hala, bertan behera geratu dena foru dekretuaren aplikazioa dela eta horrek indarrean jarraitzen duela argi utzi ostean, EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakian argudio juridikorik ez dagoela adierazi zuten eta, ondorioz, «hutsa» dela, aurreiritziz beteriko erabakia, alegia.

Ildo horretan, Aldundiak garatutako foru dekretu bat bertan behera uztea «salbuespenezko» erabakia dela azpimarratu zuen, eta Igeldoren kasuan, gainera, tribunalaren erabakiak hainbat presuntzio apurtzen dituela gehitu zuen, legalitatearena, legitimitatearena eta exekutiboarena kasu.

Halaber, gisa honetako erabaki bat hartzeko orduan baldintza konkretu batzuk bete behar direla azaldu zuen Landak. Lehenengo neurriak «konpondu ezinezko kalteei» eragingo lieke. Kasu honetan, eta Auzitegi Nagusiaren autoaren arabera, ez dago konpondu ezina den kalterik, abokatuak azaldu zuzenez. Bigarren baldintza legalitatearen ingurukoa da eta kasu honetan ere, aurrekoan bezala, autoak ez du Foru Aldundiak garatu duen prozesua ilegala denik esaten; beraz, baldintza hau ere ez litzateke beteko.

Arazoak interes publikoaren aferaren inguruan sortzen dira, Donostiako Udalari dagokionez behintzat. EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratutako autoaren arabera, herrialdean udalerri berriak sortzeko eskumena duen instituzioa Gipuzkoako Foru Aldundia izateak ez du garrantzirik eta, Itxas Aurreri aipu eginez, desanexioa lortzeko borrokan 20 urte egin baditu, baldintza beretan beste denbora batez egoteak kalterik ez diola eragiten esaten du.

Donostiako Udalarekin leudeke, beraz, arazoak, eta, batez ere, bertako funtzionarioekin, beraiena eta egin beharrekoa duten lan bat dela medio. Abokatuak azaldu zuenaren arabera, hauek Igeldoren desanexioa dela-eta egin behar dituzten botere transferentzietan oinarritzen da Auzitegi Nagusiaren desanexio prozesua behin-behinean bertan behera uzteko. Gauzak horrela, eta autoak duen argudio «faltaren» aurrean, Estatu espainiarreko Auzitegi Gorenean errekurtsoa jarriko dutela iragarri zuen. «Autoa irakurri ostean, ez nau harritzen gizarteak epaitegiekiko duen sinesmen eskasak», adierazi zuen Landak.

Botere borrokak Donostian

Igeldoko Herri Kontseiluko eta Itxas Aurreko kideek ere izan zuten zer esanik agerraldian. Hala, 1994an eta 2013ko azaroan egin ziren galdeketak izan zituzten hizpide, horien bidez igeldotarren desanexio nahia «argi» geratu dela esanez. «Gainera, 94kotik azken galdeketara indartu egin da Igeldo udalerri izateko nahia», gaineratu zuten.

Desanexioa modu egoki batean gauzatzeko lege eskakizun guztiak bere horretan bete dituztela azaldu zuten, nahiz eta prozesu guztia «nahasten» ahalegindu diren, «guztia errazagoa eta zuzenagoa denean». Ildo horretan, Donostiako Udaleko oposizioko alderdiekin «haserre» daudela azpimarratu zuten, euren arteko botere borroka dela eta. «EAJk, PSEk eta PPk ez dute igeldotarren ahotsa aintzat hartzen», salatu zuten. «Igeldo udalerria da, EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak ez baitu prozedura bertan behera uzten», zehaztu zuten. Ildo horretan, elkarlanerako deia egin zieten instituzio publiko guztiei.

Zentzu horretan, adierazpen instituzional bat egin zuen Foru Aldundiak, igeldotarren erabakitze eskubidea errespetatzeko eskatuz eta prozedura guztian zehar legea errespetatu duela adieraziz.