Alvaro HILARIO

«Naraman gorputza»: Gozatzeko eta pentsatzeari uzteko erakusketa

Gaurtik maiatzaren 18ra egongo da Guggenheimen «Naraman gorputza», Ernesto Neto artista brasildarraren atzera begirako erakusketa. Zentzumen ugariko bidaia honek ezinbestekoa du bisitariaren parte hartzea. Izan ere, Netoren esanetan, Bilboko ikuskizuna gozatzekoa da: «Erakusketa honetan pentsatzeari utz diezaiogun nahi dut. Artean babesa hartzea. Ez pentsatzea onuragarria dela deritzot». Lanek guaranien kosmogoniaren eragin nabaria dute.

Bitxia atzo kazetariok izan genuen prentsaurrekoa, iragarri zuen erakusketa bezain bitxia, zirraragarria... Azken batean, Bilboko Guggenheimen gaurtik maiatzaren 18ra arte ikusgai dagoen Ernesto Netoren (Rio de Janeiro, 1964) atzera begirako erakusketa, «Naraman gorputza», oso zaila baita hitzez deskribatzea.

Izan ere, brasildarraren erakusketa ez da ohikoetarikoa, non artistaren lanaz jabetu gaitezen adimena eta ikusmena ezinbesteko ditugun: Ernesto Netoren obra gozatzekoa da eta behar-beharrezkoa du bisitariaren parte hartzea eta bisitariak berak bere bost zentzumenak erabiltzea. Netoren ustez, erakusketa poesiarako lekua da: «Etengabe ari gara informazioa jasotzen, baina erakusketa honetan pentsatzeari utz diezaiogun nahi dut. Artean babesa hartzea. Ez pentsatzea onuragarria dela deritzot; bizitza zuzenean arnastea da».

Atzera begirako erakusketa

Ernesto Netoren hau Guggenheimek aurten ipinitako lehenengo erakusketa da, lehenengoa eta handia. Brasildarra bere herriko artista nabarmenetako bat da, eta bere obra oso ezaguna da nazioartean.

Atzera begirako honetan Netok azken 25 urteotan eginiko lanak aurkituko ditugu, baita erakusketa honetarako eta eraikina bera profitatuz espresuki eginiko lanak ere.

Lan zaharrei dagokienez, Netok zehaztu zuen horiek guztiak Bilbon erakutsi ahal izateko lan handia egin behar izan dutela; azaldu zuen bera eta bere taldea buru-belarri aritzen direla lan egiteko orduan: «Ez da gauza bera obra bat egin eta hamar urtera bertara itzultzea, ez da gauza bera oraina den iragan batera itzultzea». Ez da, beraz, lanak Bilboko museora egokitzeko neurri aldaketa hutsa.

Tamaina handiko instalazioak dira, zalantzarik gabe, bisitariari atentzioa gehien emango diotenak, besteak beste, gozatzekoak baitira: zentzumenezko estimuluz eta ikusteko, ukitzeko eta usaintzeko helburuarekin eginak dira, ikusleak eta lanek elkarri begiratzeko eta ikusleak bere gorputza eta zentzumenak senti ditzan.

Horrela, usainak (iltzea erabiltzen du, besteak beste) edota soinuak aurkituko ditugu instalazioetan, eta horien bidez beste mundu batean sartuko gara.

Kolibria

Ernesto Netok joko bihurtzen du erakusketa, adimenetik urrun dabilen jokoa, adimenetik kanpo doan bidaia indibiduala. Garrantzitsua da oso brasildarrak sormenaren eta bere obren inguruan duen ikuspegia: erakusketa bera bisitarien bidez luzatzen den bidaia da, naturan zehar egiten den bidaia, gure barnetik egiten den bidaia.

Horrela, erakusketa hartzen duten aretoek kolibri baten irudia osatzen dute, izaki bat, eta lan bakoitzak txoriaren leku zehatz bat hartzen du, goiko irudian ikusten denez.

Artea zentzumen askotako jardun interaktibo bihurtzen du Ernesto Netok eta bisitariei beren sentipenekin harremanetan jartzeko gonbita egiten die. Artista brasildarrarekin eskuz esku sortutakoa izaki, Gehryren arkitekturaren berezko forma izurtu eta organikoak, inoiz ez bezala, estuki uztartzen zaizkio obrari, hots, «natura artelan gisa» kontzeptua etengabe berekin daraman lanari.

«Naturak irakasten digu. Horretan ez dago inolako zalantzarik. Dena dago naturan eta guztia laburbiltzen du. Ziur naiz egunen batean mundu naturalarekin erabateko harmonian biziko garela», adierazi zuen Ernesto Netok.

Erakusketa bitxia

Netoren lanak guaranien kosmogoniaren eragina jasotzen du. Haren arabera, gizakiok naturaren parte gara. Horrela, gizakiek eta kolibriak bat egiten dute.

«Nabigatzea beharrezkoa da, bizitzea ez da beharrezkoa», esan zuen Netok Fernando Pessoaren esaldia baliatuz. Hau da, bere ustez, bizitza dugu sortzeko eremua, bizitza dugu bidaia, esperimentatzeko aukera.

Bederatzi gunetan bereizita dago erakusketa («Zergatik zoaz berriz ere Erromara?», «Horrelakoa da bizitza», «Ametsen etxea»,

«Ertz gozoa», «Ez erreparatu nahas-mahasari», «Mendiko senidea», «Trukean-trukean», «Gozokiak salgai» eta «Begiekin jan»), eta zenbait eremu ezegonkorretan barneratzen du bisitaria, eta, segidan, bere buruarekin lasaitu eta adiskidetzeko uneak oparitzen dizkio. Bidaia magikoa da tuneletan barrena nora ezean ibiltzeko, gorputza zenbait eremutan murgiltzeko, figura garaiak besarkatzeko eta ingurune ederrak usaindu eta sentitzeko.

Berandu hasi bazen ere, aipatzekoa da eman zuen prentsaurrekoa: ordu erdi eman zuen Ernesto Netok berbetan, sutsu, bere lanaren nondik norakoak zein ideologia azaltzeko. Izan ere, horren harira eraman zituen oholtzara bere lagun bi, tupi-guarani bi: Ayavi Manduca Mateus eta Txana Bane Fabiano Sales. Horien laguntzaz saiatu zen beren kosmogonia azaltzen, baita bere sormenak bideratzen dituen asmoekin duen zerikusia ere.

Prentsaurrekoaren ostean, bisitari ekin genion Netok, Txanak eta Ayavik lagunduta. Abiapuntu izan genuen atrioak gordetzen duen «Erori egiten den gorputza [Le corps] emea (Leviatan Thot lanetik)», eta bertan lana ikusteko dauden hamakak («Zerura begira») erabili zituen Netok. Jarraian, artistak bat-batean eginiko ibilbideari segituz, «Horrelakoa da bizitza» instalaziora abiatu ginen: obrak atal bi ditu, maskulinoa eta femeninoa; hor datza bizitzaren hasiera. Baina «Ametsen etxea» izan zen bisitaren unerik xelebreenetako bat, tupi-guaraniek bertan erritu bat egin baitzuten... «Ametsen etxea»-k beren etxebizitza komunal bat irudikatzen baitu. Bitartean, bisitariok, suak, koloreek, soinuek eta espezien usainek biltzen hasi ginen.