IKUSMIRA
IKUSMIRA

Torturaren biktimak, kontatu beharreko egia

Atzo, Joxe Arregi Polizia espainiarraren torturen ondorioz hil zenetik 33 urte bete ziren egunean, Gasteizko Parlamentuak torturaren eta tratu txarren biktimak aitortzea eta erreparatzea ahalbidetuko duen akordio zabala lortzeko konpromisoa berretsi, eta Lakuako Gobernuari eskatu zion torturak Euskal Herrian izan duen eraginari buruzko azterketa egin dezala, biktimei egia, memoria eta erreparazioa emateko bidean abiatzeko. Halaber, NBEren Torturaren Kontrako Komitearen eta nazioarteko beste erakundeen gomendioak betetzeko eskatu zion Gobernu espainolari. Arregiren heriotzaren 33. urteurrenean.

Biktimak -biktima mota bat, alegia- bake eta normalizazio prozesua oztopatzeko argudio gisa erabiltzen direnean, badira torturaren biktimen existentzia bera onartzeari uko egiten diotenak. Biktima horien aitorpena ez da inorentzat inongo lantaldetarako ezinbesteko baldintza, eta kontaketa historikoa dela-eta hain kezkatuta agertzen direnentzat, biktima horiek ez dira azaldu beharreko egia. Horiek, tortura sistematikoa ukatuta, tortura kasu bakan batzuk auzitegietara iritsi izana araua berresten duen salbuespen gisa aurkeztu izan dute. Eta, izan ere, salbuespena izan da kasu horiek ikertzeko trabak gainditu izana, hain nabarmenak izanda. Torturatzaileen zigorgabetasunean, ordea, hori ere ez da salbuespena izan.