Arantxa MANTEROLA

Denboraleen kalteen konpontze lanak, abian

Pixkanaka, batez ere azken asteotan euskal kostaldea astindu duten denboraleen kalteak zehazten eta konponbidean ezartzen ari dira. Baionan uholdeak eragindakoak azaldu zituzten atzo eta Gasteizen, berriz, kaltetutako udalen eta erakundeen arteko bilera teknikoa egin zuten.

Atzo, haize zakarrengatik berriro alerta laranjan igaro zen egun berean, hainbat erakundek joan den asteetako denboraleen balantzearen eta kalteen konpontze lanen berri eman zuten.

Hala, Baionako Herriko Etxeak urtarrilaren 29tik otsailaren 3ra «ezohiko uholdeak» izan zirela nabarmendu zuen. Horren tamainaz ohartarazteko, aipatu zuten bazirela hogei urte Aturri ibaiak ez zuela gainezka egin. Santespiritu auzoko eta Baiona Ttipiko hainbat karrikataraino heldu zen ura, batzuetan 60 cmko garaierara iritsiz. 32 dendak kalteak jasan zituzten eta bi familia etxez lekualdatu behar izan zituzten. Prebentzio eta garbiketa lanetan 150 udal langile mobilizatu zituen eta, besteak beste, 1.500 harea zaku banatu ziren ukitutako biztanleen artean.

Ibaietako urei eusteko eta kale mailan dauden atariak eta dendak babesteko dispositibo esperimentalak ere probatu ditu Lapurdiko hiriburuko Udalak. Horietako bat -ateetan aire kameraz inguratutako plakekin hermetikotasuna lortzen duena- «oso eraginkorra» izan dela azaldu zuen Jean Grenet auzapezak. Alta, sistema hori aski garestia izaki (750 euro metro koadroak), dispositibo hori jarri nahi dutenentzat diru laguntzak emango dituztela agindu zuen.

Bilera Gasteizen

Bestalde, Lakuako Ingurumen Sailean bilkura berezia egin zuten atzo hainbat erakundek. Ana Oregi sailburuaz gain, Gobernu espainoleko ordezkari Carlos Urquijo eta Kosta Zuzendaritzakok arduradunak, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok, Bizkaiko Aldundiko bozeramaile Iñaki Rementeriak eta kaltetutako 17 herrietako alkateek hartu zuten parte.

Konpontze lanen plangintza osatzen joatea zen bileraren xedea. Izan ere, ekainaren hasierarako, hots, uda sasoia hasterako, kostaldeko kalte guztiak konpontzea jarri dute helburu. Bileran, egutegi zehatz bat finkatu zuten eta datorren asteartetik goiti, udalek bilkura teknikoak egingo dituzte dagokien aldundian, Estatuko Kosta arloko arduradunekin eta Lakuako ordezkariekin. Horietan zehaztuko dituzte ekaitzek eragindako kalteak, konponketa lanen kostuak eta lanen planifikazioa.

Dena dela, hainbat herrik urgentziazko konponketei ekin diete dagoeneko. Esaterako, Zarautzen, Bermeon edo Donostian. Zarautz eta Getaria arteko 634 errepidearen konponketa datorren astean hasiko du Aldundiak. Lanek lau aste iraungo dute eta kostua 45.000 eurokoa izango da. Hondarribiko alkate Aitor Kerejetak adierazi duenez ere, urtarrilaren 26tik itxia dagoen Higer itsasargiko bidearen eta labarraren egoerari «teknikoki irtenbide egokiena eta ekonomikoki bideragarriena» lehenbailehen emateko «elkarlanerako borondatea» azaldu diote Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide sailak eta Portuen Zuzendaritza Nagusiak.

Denboraleen kalteak oraindik ofizialki zenbatu ez badira ere, Aseguruen Partzuergoak 18 eta 20 milioi euroko kopurua aipatu du. Donostiakoak, berriz, 5.767.800 euroraino iritsiko lirateke.