Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Francesc Catala-Rocaren begirada iraganeko egunerokotasunari

1950 eta 1960ko hamarkadetako Estatu espainiarreko gizartearen berri ematen duten agiri historikoak dira Catala-Roca argazkilariaren lanak. Ez zuen ez artea ez argazki estetikoki politak egin nahi, baina nahi gabe ere hori lortzen zuen. Enkoadraketa zaindua bilatzen zuen eta une egokiaren zain gelditzen zen, begira, kliskagailua zapaltzen zuen arte. 2010etik hainbat hiritan ikusi ahal izan den erakusketa Euskal Herrira iritsi da azkenean.

Joan den mende erdialdeko kaleetara begiratzera gonbidatzen gaituzte Francesc Catala-Rocaren argazkiek, iragana egun gure inguruan dugunarekin alderatzera. Horiei so egitean konturatzen gara zenbat aldatu den gizartea. Bera ere zetorren aldaketaz garaiz ohartu zen eta egunerokotasuna islatzen duten argazkiak ateratzeari ekin zion, hortik gutxira ezin izango zituelako halako irudiak jaso. Berak egindako lanari esker zuzeneko lekuko gara geu ere, Donostiako Kursaal jauregiko Kubo-Kutxa aretoan ekainaren 1era arte ikusgai dagoen «Català-Roca. Maisulanak» erakusketara bertaratuz gero.

Chema Conesa argazkilaria da jada zortzigarrenez erakusten den erakusketa honen komisarioa. Estatu espainoleko zein Portugaleko hainbat hiritan izan ostean, dagoeneko Euskal Herrian da argazkigintza zaletasun duten guztiei gustatuko zaien bilduma. «15 urte nituela ezagutu nuen Catala-Roca, baina oraindik ez nekien nor zen. Murtzian bizi nintzen eta gure etxeko balkoitik erakustazokari argazki batzuk ateratzera etorri zen. Hortik urte batzuetara katalogo batean ikusi nuen argazkia, bere sinadura zuena. Ordurako argazkilaria nintzen ni eta ezagutzen nuen; txundituta gelditu nintzen», azaldu zuen Conesak. Bere ustez, katalanak argazkigintzaren moldeak eraldatu zituen eta, horregatik, argazkilari orok ezagutzen dute bere lana. «Berak ez zuen bere burua artistatzat, ez zuen bere lana artista plastikoen lanekin parekatzen. Argazkiak trukatzea ere ez zuen onartzen, eta parean zuenari balioa ematen zion enkoadraketa zainduz, une egokian botoia sakatuz», aipatu zuen komisarioak.

Gaztetatik hain gustuko duen argazkilariaren lanen artean erakusketa ibiltari hau osatzen duten 150 lanak hautatzea egokitu zitzaion. Horretarako Catala-Rocaren seme-alaben etxera joan zen eta bere estudioa ikusi zuen. Bertan 200.000 negatibo zeuden eta, lana errazteko, argazkilari bat kontratatu zuen argi-mahaiari esker negatibo horietan ikusten zenaren irudiak ateratzeko. Ondoren, berarentzat interes handirik ez zuten lanak baztertu zituen: «Grup R taldeko arkitektoen argazkilari ofiziala zen, baita Joan Miro pintorearena ere, eta haien lanen argazkiak atera zituen. Horiek baztertu egin nituen eta garaiko gizartea islatzen zutenak hautatu nituen. Egunerokotasuneko ekintzak une gogoangarri bilakatzen ditu, gizarte baten berri ematen diguten agiri historikoak dira argazki horiek», azpimarratu zuen.

Herriz herri

Guztira 150 argazki aukeratu zituen. Estatu espainiar osoko irudiak dira, Catala-Rocak bidaiatu egiten baitzuen argazkiak ateratzeko. Izan ere, Destino argitaletxearentzat egiten zuen lan, bidaia gidak ilustratuz. Monumentu eta erretratu soilak ateratzeaz gain (horiek ere baztertu ditu Chema Conesak) kaleko bizitzari begira zapaltzen zuen kliskagailua, eta honela bihurtu zen ikusle isil, bere modeloentzat ikusezina zen argazkilari.

Hiri batean edo bestean zegoenean, ondoko herrian festa edo ospakizunen bat zegoela jakiten bazuen, bertara gerturatzen zen. Argazki horiek ez zuten argitaletxearen bidaia gidak ilustratzeko balio, baina berarentzat negatibo horiek lana baino gehiago ziren.

«Ez zuen herriko jendeaz barre egiteko inolako asmorik. Beraiekin egotea gustatzen zitzaion», azaldu zuen Conesak, argazkilari ospetsua ezagutu baitzuen. Bere intentzioa garai hartako xarma betiko gordetzea zen. Horren adibide bat da Kubo aretoaren hondoan kokatu duten saila: Cuencan zegoela, ondoko herrian, Luis Miguel Dominguin toreroak gerora bere emazte izango zenari eskainitako zezenketa bat antolatu zuela jakin zuen. Bertara joan zen eta irudi bitxiak lortu zituen. Conesaren dioenez, egun hartan denbora laburrean inoiz baino argazki gehiago lortu zituela zioen argazkilariak. Honek bat azpimarratu zuen beste guztien artetik; jaietako banderatxoak ageri diren hori: «Bigarren Mundu Gerrako Ardatzeko Potentzien banderak ziren; Italia, Japonia eta nazien banderak. Catala-Roca alkatearengana gerturatu zen eta galdetu zion ea gerra amaitu eta gero bandera horiek erabiltzea egokia iruditzen zitzaion. Urduri jarri zen eta, beldurtuta, banderak kendu zituen».

Erakusketa osoan erretratu-posatu bakar bat dago, argazkilariaren laguna zen Salvador Dali margolariarena, alegia (haren argazki espontaneo gehiago ere badaude). Honek esan omen zion argazkilari ospetsua izan nahi bazuen, behi bat dinamitaz bete behar zuela eta eztandaren unean argazkia atera, espektakulua maite baitzuen. Joan Miro artista, ordea, guztiz desberdina zen, lasaiagoa. Bere estudioan sartu eta lanean ari zen bitartean argazkiak ateratzeko baimena eman zion, baina isilik egon behar zuen. Biek eskatu zioten euren lanak argazkietan jasotzeko, baina Catala-Rocaren izaera zuhurra zela-eta, Miro hautatu zuen. Ez zuen espektakulua maite.