2014/02/16

Kronika
BIZKAIBUS-I ESKAERA
Zergatik ezin dut nik Bilbora autobusez joan?

Arrapala ez dabilela-eta, sarritan geltokian hurrengo autobusaren zain gelditu behar izaten du Julen Milla 19 urteko mungiarrak. Bizkarrezur bifidoa duen gazteak astean hirutan egiten ditu Bilborako joan-etorriak. Hainbatetan ordu erdiko itxaronaldiak egiten ditu gurpildun aulkian, arrapala duen autobusa heldu arte. Horrek ere osasunean baduela eraginik dio.

Nerea GOTI
P021_f01

Julen Milla mungiarrak komunikabideetara jo du, sarritan aurkitzen duen arazoa salatzeko. Gazteak bizkarrezur bifidoa du eta autobusera igotzeko arrapala erabili behar du. Berez, Bizkaibuseko ibilgailuak mugikortasun arazoak dituzten hiritarrei zerbitzua emateko egokituta daude. Hala eta guztiz ere, berak egunero aurkitzen duen errealitatea bestelakoa da.

«Askotan autobusen arrapala matxuratuta dago, orduan hurrengoaren zain gelditu behar dut», azaldu du. «Beste batzuetan matxuratuta daudela esaten dute gidari batzuek, baina kontua da ez dutela autobusetik jaitsi nahi arrapala ipintzeko», salatu du.

Eta are gogorragoa den arrazoia ere entzun behar izan du; zenbait erabiltzaile kexatzen omen direlako arrapala muntatzen eman behar izaten den denbora dela eta. Dioenez, 20 segundo inguru behar du gidariak plataforma prestatzeko.

Kaltetu asko

Gaztearen esanetan, bera ez da kaltetu bakarra. Aulki gurpildunen erabiltzaileez gain, adinagatik edota osasun arazoengatik mugikortasun arazoak dituzten lagunak ere jasaten dute egoera hori. Beharrizan zehatzak dituen kolektibo ez horren txikia kalean geratzen da arrapala ez badabil, eta egoera berean daude haur-kotxeak erabiltzen dituztenak Bilbora autobusez joan nahi badute.

Arazo honetan badaude erantzukizun zuzena dutenak, baina zerbitzurik gabe geratzen diren herritarrek ere bizi duten errealitatearen berri eman beharko luketela uste du. «Inor kexatzen ez bada, zelan jakingo dute arduradunek zer gertatzen ari den?».

Egoera honek eragin zuzenak ditu hainbat arlotan. Dioenez, astean hirutan joaten da Bilbora Asebi elkarteko hainbat jardueratan parte hartzera. Mungian autobus zerbitzua da garraio publiko bakarra, eta bere kasuan ezin du zerbitzutzat ere hartu. «Ez dakit autobusa hartzeko aukera izango dudan, eta beti berandu, beti azalpenak eman beharrean...», azaldu du. Egoera honek eragin zuzena izan du elkartean egiten dituen jardueretan, eta bere buruari galdetzen dio Bilbon lan egin behar duen mugikortasun murritzeko lagun batek zer egin behar duen garaiz heltzeko.

Itxaronaldiak gehienez ordu erdikoak izan ohi direla uste du, eta eguraldi txarra egiten duenean egonaldi horiek bere osasunari eragiten diotela nabarmentzen du.

Argitara eraman duen egoerak jada izan du erantzunik. Duela egun batzuk Bizkaibuseko arduradun baten bisita izan zuen etxean. GARAri azaldu zionez, barkamena eskatu zion, baita konpromisoa hartu ere, urte honetan zehar autobusetako plataforma guztiak berriztuko dituztela esanez.

Bisita horren ondoren hartu zuen lehenengo autobusak bazeukan arrapala eta ez zuten martxan ipintzeko arazorik izan. Datozen egunetan Mungiako Udalean du batzarra bertako Gizarte Ongizate arloko zinegotziarekin eta alkatearekin.

Mezu berbera eramango du bertara Julen Millak: egin beharreko konponketak egin ditzatela pertsona guztiei zerbitzu bera emateko.