Ixabel ETXEBERRIA
Irakaslea
JO PUNTUA

Herritarrekin lotura galdua

Abertzaleen presentziak, onarpenak, eremu politikoan behar luke egoera desblokeatu, aldarrikapenek helmuga batzuk hunkitzen dituztela erakutsi

Neguko Joko Olinpikoetako emaitzak heltzen ari dira, egunkarietako azalak estaltzen dituzte. Frantziar kirolarien lehen dominak direla-eta, eginahalak egiten dituzte frantses Estatuko herritar guztiek jakin dezaten zein handia, ederra eta gaitasun itzela den herri handi horretan. Bestalde, ekonomiari lotutako zenbakiak hedatu dituzte, berri onak, hain xuxen, Kontuen Gorteak erran ondotik defizita emendatzen ari dela. Bat-batean, indize ekonomikoak, 2013ko hazkundea, pentsatu baino hobea omen dira. Hau Hollande laguntzera dator, langabeziaren igoeraren gelditzea agindu eta gero, bere porrota plazaratu baita.

Aldi honetan ematen du berri onak metatzen ari direla Gobernua laguntzeko, hauteskundeen bezperan. Izan ere, Alderdi Sozialistak dena beharko du tsunamia saihesteko. Arrisku handia baita abstentzio potoloa heldu den martxoan. Alderdi Sozialista 85 hiri galtzeko egoeran dago. Eskuinarentzat ona litzateke FNren presentziak ez balio bidea trabatuko.

Pauen ere aldaketa izan daiteke. Aspalditik Alderdi Sozialistaren esku zen hiria Bayrou ministro ohiaren manuetara pasatzeko aukera luke. Hirugarren aldikoz presentatuko da Pauen Modem-eko buruzagia, UMPren babesarekin. Aurten aukera luke.

Momentuko, lehia handirik ez da sumatzen. Ematen du herritarrak anestesiatuak daudela, sinesmen gutxi dutela politikarien baitan, eta FNren lehiakortasunak ez du beldurrik sortzen. Panorama politikoan sartua da eta sozialisten zailtasunen aurrean pentsa daiteke FNk hautetsi andana irabaziko dituela herri kontseiluetan. Hau baita, finean, alderdi honen xedea, legitimitatea irabaztea botere guneetara heltzeko. Herri hauteskundeak erronka handia dira FNrentzat.

Zerrenda abertzaleentzat ere erronka handia izanen da. Jadanik zerrenda abertzaleak aurkeztea herrietan erronka handia izaten da. Herriak pixkanaka men- turatzen dira antolaketa horri lotzera. Ez da beti lortzen, baina gero eta gehiagotan gertatzen ari da. Abertzaleen presentzia normalitatean sartua da eta seguruenik hautetsi abertzaleen kopurua emendatzen ikusiko dugu.

Abertzaleen presentziak, onarpenak, eremu politikoan behar luke egoera desblokeatu, aldarrikapenek helmuga batzuk hunkitzen dituztela erakutsi. Haatik, ematen du alderantzizkoa dela. Euskara eta ikastolen kontrako erasoak bete-betean jotzen gaituzte. Eraso zinez sinbolikoengatik, alegia, arrautzak botatzeagatik, manifestariak komisariara konbokatuak dira, eta gazte bat, ubelduraz josia, kondenatua da, 15.000 euroko isuna omen polizia bat jotzeagatik!

Giro honetan Taubira ministroa etorri da Baionara. Ez dakigu zergatik, ez eta zertarako ere. Etxerat-ek eskaera zehatzak ditu, ez du inongo erantzunik jaso. Ez dakigu zertarako dauden politikariak ez badute erantzun politikorik ematen. Ez dakigu norekin hitz egiten duten. Zertarako ditugu politikariak, politikaz beren bizibidea egiteko? eta beren buruaz hitz egiten entzuteko? Politikak ez al luke herritarren esku izan behar, elite baten eskuetan baino? Gero eta argiagoa baita herritarrekin lotura galdua dutela.