Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Ahaltsuekin umil, ahulekin harroputz

Espainiako Gobernuak beste aldera begiratzen du, noski. Sahararrak ez dira ahaltsuak, eta horiei ordaina eman beharra ez zaio bururatu ere egiten

Otsailaren 7ko ministro kontseiluan onartu ondoren jakinarazi zuen Rajoiren gobernuak indarrean duen Kode Zibila aldatu eta, egun eduki ditzaketen pasaporteei uko egin beharrik gabe, espainiarra ere eskuratzeko aukera eskainiko zaiela etorkizunean 1492an Gaztela eta Aragoiko erresumetatik erbesterarazitako juduen ondorengoei. Egitasmoak, batik bat Israelen, piztu bide dituen itxarokizunak haizatu dituzte ondo- rengo egunetan hedabideek. Hiru milioi eta erdi izan omen daitezke balizko onuradunak. Burokraziaren galbahetik igaro eta gero zertan geratzen den guztia ikusiko dugu.

Espainiako agintarien bihotz-zabaltasunaren adierazpena dela esango du, edonola ere, norbaitek. Bejondeiola. Komunitate sefardiaren ordezkariek, ordea, horrelako koipekeriatan eskarmen- tu puska bat badutelako agian, adierazi dute beranduxe datorrela kalte-ordaina. Igarotako bost mende hauetan antzeko zerbait egiteko abaguneak izan direla pentsatuko dute, jakina. XX. mendean bertan, urrutirago joan gabe. Ez dakit, hala ere, sefardi horiek konplituki jabetzen diren erabakia ez dela iraganean egindako izugarrikeriak ordaintzeko Madrilgo agintarien deliberoaren ondorioa; egun ahaltsu ikusten dutenari -Israeli eta, zehatzago, haren bizkartzainak direnei- egiten zaien gurpen hutsa baizik.

Kide-kideko beste kasuarekin, moriskoen erbesteratze derrigortuarekin, gertatzen ari dena ikusi besterik ez dago. Duela bost urte hasi eta aurten burutu behar lukete erabaki genozida haren laugarren mendeurrenaren oroitzapen-ekitaldiek. 1609-1614 artean jazo baitzen kanporatze erraldoi bezain hits hura. Entzun al duzue zerbait? Desenkusaren bat, barkamen eskaeraren bat, ordain-neurriren bat, berradiskidetzeko asmoren bat? Nik, behintzat, ez. Eta arreta pittin bat ipini dut, ez pentsa, horrelako berriak kausitzen. Jakitunen mintegi burutsuren bat, gehienera. Goizegi ote da, 400 urte besterik ez direlako igaro? 1492an ere bota zituzten, haatik, beste musulman espainiar asko, eta haien oinordekoen aurrean ere desenkusatzeko garaia ez dela iritsi ematen du... Israel hain gogokoa duten horiei graziarik ez liekeelako egingo, beharbada? Ez ote dakite halakoek zer-nolako eragina izan zuen A. Hitlerrengan Espainiako moriskoei egin zitzaienaren hausnarketak?

Bada, halaz eta guztiz, are nabarmenagoa den zerbait. Mendebaldeko Saharan, Tindufeko kanpalekuetan eta munduan zehar barreiatuta, badira gaur egun milaka eta milaka gizaki beren bizitzaren uneren batean «espainiar» izan direnak (eta batzue- tan, halaxe dioen dokumentua poltsikoan dutenak), edota haietako baten lehen, bigarren edo hirugarren belaunaldiko oinordekoak. Hau da, inolako eskuzabaltasunik gabe ere, Europar Batasuneko pasaportea edukitzeko eskubide osoa luketen pertsonak. Batasuneko beste herrialde batzuetako joankinen ondorengoei edota haien pean egondako kolonietako hainbat jenderi aitortzen zaien eskubidea dutenak. Baina Espainiako Gobernuak beste aldera begiratzen du, noski. Sahararrak ez dira ahaltsuak, eta horiei ordaina eman beharra ez zaio bururatu ere egiten.