GARA BANGKOK

Lau hildako Bangkoken oposizioko kideen eta polizien arteko liskarretan

Hiru manifestari eta polizia bat hil ziren Bangkoken oposizioko kideen eta poliziaren arteko liskarretan, azken hauek lehenengoek okupatutako gobernu egoitzak eta kaleak berreskuratzeko egin zuten operazioan.

Hiru manifestari eta polizia bat hil ziren atzo Bangkoken izandako liskarretan. Oposizioaren jarraitzaileek okupatutako gobernu egoitzak eta erdialdeko kaleak husteko operazioari ekin zion Poliziak, eta hildakoez gain 64 lagun zauritu ziren. Segurtasun indarrek 15.000 polizia jarri zituzten «Bakea Bangkokentzat» izeneko operazio horretan.

Atzoko istiluak azken egunetako larrienak izan dira. Iazko azarotik dihardute oposizioko kideek Gobernuaren aurkako mobilizazio kanpainan, Yingluck Sinawatra lehen ministroa boteretik botatzeko asmoz. Hauteskundeei uko egin diete, hala ere, eta Gobernuaren ordez hautatu gabeko «herri kontseilua» sortu nahi dute.

Lekuko batek azaldu zuen bala tiroak entzun zituela eta Polizia manifestarien aurka benetako munizioa erabiltzen ikusi zuela Phan Fa zubian, Bangkokeko alde zaharrean. Poliziak, berriz, esan zuen bere agenteei eraso egin zietela etxe bateko teilatutik tiro eginez eta M79 granadak jaurtiz. Bala horietako batek poliziakide bat hil zuela gaineratu zuen. Goizean hasi ziren liskarrak, Defentsa Ministerioaren aurrean, elkarretaratutakoen aurka gas negar-eragilea bota zutenean. Egun, Ministerioa da Gobernuaren behin-behineko egoitza. Orduan, manifestariek poliziei eraso zieten. Arratsaldez, Poliziak bere kideak erretiratu zituen. Paradorn Pattanathabutr Nazio Segurtasunerako Kontseiluko buruak operazioa jarraitu ala ez erabakitzeko goi kargudunen bilera egingo dutela esan zuen.

Thailandiak bizi duen krisi politikoa estatu-kolpera hurbiltzen ari da. Auzitegiek ere lehen ministroa jazartzen dute, gainera. Ustelkeriaren aurkako Batzordeak Yinglucken aurkako karguak aurkeztu zituen atzo, arrozaren diru-laguntza programan «axolagabekeria» eta «ustelkeria» izan dela leporatuz.