Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Musika Gelako kontzertuak Bigarren Hezkuntzako ikasleei ere eskainiko dizkiete

Sei urte daramatza Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hezkuntzara bideratutako kontzertuak prestatzen. Denbora tarte horretan 41.000 haurrek hartu dute parte Musika Gelaren ekintzetan, eta oraingoan adin-tarte zabalagoko gaztetxoek ere parte hartu ahal izango dute, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzakoez gain, Bigarren Hezkuntzako ikasleek ere hartuko baitute parte lehendabiziko aldiz.

Horretarako, adin tarte horietara egokitzen diren lau ikuskizun prestatu dituzte. Hasteko, «Barrok... ino», 2 eta 6 urte arteko haurrei zuzenduriko antzerki, dantza eta musika nahasten dituen emanaldia da. Otsailaren 23an Gasteizko Federico Garcia Lorca antzokian ikusi ahal izango da eta martxoaren 1ean, berriz, Donostian (EOSen Miramongo egoitzan). Mikel Cañada Musika Gela programaren zuzendariaren esanetan, honakoa umeek musika barrokoa ezagut dezaten bide bat da.

Charlotte Fallon da ikuskizun horren eszena zuzendaria eta EOSko musikariek, Musikeneko ikasleek eta Paraiso antzerki taldeak osatzen duen taldea gidatzea da bere ardura. «Niretzat opari bat da ikuskizun hau zuzentzea. Haurrentzako honelako kontzertu bat prestatzeak horiengan konfiantza osoa dugula esan nahi du, beraiek gai baitira edozein musika ulertzeko, izan komertziala, izan haurrek abesten dutena edo barrokoa. Haurrek ikaragarri gozatzen dute eta eskertuta nago esperientzia hau bizitzeko aukera eman didatelako», azaldu zuen EOSeko arduradunei zuzenduta.

Bigarren ikuskizuna «Gerra eta Bakea» da. «Musikak balioak transmititzeko ere balio du», esan zuen Cañadak. Txaikovski-ren pianorako lehenengo kontzertua eskainiko dute. Izan ere, musikariak partitura konposatu zuenean bere maisuak esan zion oso txarra zela. Hala eta guztiz ere, lanean jarraitu zuen eta kontzertu hori pianorako diren guztien artean ospetsuena izatera heldu da. Hori 10 urtetik gorako gaztetxoei zuzenduta dago eta Donostiako Kursaalen izango da martxoaren 15ean. Aurretik sentsibilizazio tailer bat egingo dute.

Hirugarren ikuskizuna Lehen Hezkuntzako ikasleentzat da, «Sinfokeritan, sinfoneando», alegia. Gasteizko Principal antzokian izango da apirilaren 13an. Oso dibertigarria izango da, publikoaren lana orkestrarekin dantzatzea eta kantatzea izango baita. Azkenik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen «Sentitu, pentsatu, ekin!» diskoko kantekin ikuskizun sorta bat prestatuko dute ekainean, Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Donostian. Horietan Donostiako orfeoi txikiak hartuko du parte.

Aurkezpenari amaiera emateko, Pablo Gonzalezek hartu zuen hitza, Adimen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioko (Fevas) zuzendariak, hain zuzen ere. Honek esan zuen 2009. urteaz geroztik ari direla parte hartzen Musika Gelak prestatzen dituen kontzertuetan eta oso esperientzia positiboa izaten ari dela. «Adimen urritasuna duten 400 pertsonak hartu dute parte eta musikariek esan izan digute errespetuz jokatzen dutela, parte hartzen dutela eta alaiak direla; horiek gure gizartearen ezaugarri arruntak izango balira, mundua hobea izango litzateke. Gure helburua da jendea ezaugarri horiez jabetzea», baieztatu zuen.