GARA

Londresek sari eta mehatxuen estrategia darabil Eskoziarekin

Britainia Handiak Eskoziak zor publikoa bonu merkatuetan saltzea baimendu du, gaur egungo autonomia nahikoa dela erakusteko asmoz. Aldi berean, beldurraren estrategiari jarraituz, independentziaren ondorioz hipotekak garestituko direla adierazi du Gobernu britainiarrak.

Britainia Handiko Gobernuak Eskoziak bonu merkatuetan zor publikoa zuzenean saltzea baimenduko du, dagoeneko autonomia nahikoa duela erakutsiz, independentziarako erreferenduma egiteko hilabete gutxi falta direnean. 2015etik, Eskoziak 2.200 milioi liberako (2.700 milioi euro) zorra jarri ahal izango du merkatuetan, garraio, osasun, hezkuntza edo uholdeen aurkako azpiegiturak ordaindu ahal izateko. «Horrek ahalmen berriak eta ardura berriak emango dizkio Eskoziari, Erresuma Batuaren barruan», adierazi zuen George Osborne Finantza ministro britainiarrak. Irailaren 18ko erreferenduma hurbildu ahala kanpaina biziagotzen ari da, eta Britainia Handian jarraitzearen ustezko onurak nabarmendu nahi ditu Londresek. Ministroaren iritziz, Eskozia independente izango balitz, bere zorraren kostua ez litzateke izango Erresuma Batuaren barruan egonda bezain merkea.

Hipoteka garestiagoak

Londresen saiakerak ez dira mugatzen Eskozia limurtzera. Aldi berean, aurrera darama beldurraren estrategia. Danny Alexander Altxorraren arduradunak ohartarazi zuen Eskoziak independentzia lortuz gero eskoziarrek hipoteka garestiagoak izango dituztela, bertako bankuek finantza merkatuetan dirua maileguz hartzeko zailtasun handiagoak izango lituzketelako.

Alexanderrek esandakoaren arabera, «independentzia prima» bat izango da, merkatuek Estatu berrian arrisku handiagoa ikusiko dutelako. Bestalde, Eskoziak Britainia Handiko zorraren dagokion zatia ez badu onartzen, banku eskoziarrek gehiago ordaindu beharko dutela esan zuen. Bere ustez, 5.200 libera (6.300 urtero) garestituko dira hipotekak kasu horretan.